'Lokaletik kalera' ekimena bihar, zapatua, herriko artistak ezagutzeko

Mirari Altube Arrese 2015ko ira. 11a, 11:00
Txaro Gallego kuarteletik irteten.

Kuartelean entseatzeko tokia duten taldeek eta norbanakoek Lokaletik kalera ekimena jarri dute abian. Orain arte egindako lanaren berri eman gura dute eta hori erakusteko kontzertuak egingo dituzte bihar, zapatua, Mitarte kalean eta plazan, 18:00etan hasita (euria eginez gero Iturrigorri pilotalekuan).

"Kultura mugimendu handia dagoela herrian erakutsi gura dugu ekimen horrekin. Artista handiak daude gurean eta herritarrek horien lanak ezagutu ditzaten gura dugu", jakinarazi du Txaro Gallegok, antzezle aretxabaletarrak. Gela txiki bat du hark kuartelean. Guztira hamasei bat talde eta norbanako dira herriko sarreran dagoen eraikin handian elkartzen direnak; gehienak musika taldeak, beste hainbat DJak eta antzerkian diharduten bi lagun. "Zortea dugu lokal horiek izatean nahiz eta berritu beharrean egon. Kulturan inbertitzeak benetan merezi duela uste dugu", dio Gallegok.

DJak gau partean

Bi gune zehaztu dituzte kontzertuendako. Mitarte kalean izango dira honako hauek: Inalectric; 2-KOT; Criminal Remains; eta No Code. Eta Mitarte plazan: Izenga-B; Kalaña; Crap; eta Krisis. Baina euria eginez gero pilotalekuan elkartuko dira talde guztiak. Lehen saioa 18:00etan hasiko dute. 20:00etan, work in progress emanaldia egingo du Arkupen, Gallegok. "Work in progress emanaldiak esan gura du antzezlana oraindik guztiz bukatu barik dagoela, eta emanaldia egiten da jendaurrean haien iritziak, sentipenak… jasotzeko. Madrilen, esaterako, oso ohikoa da. Suerte antzezlana gertatzen nabil eta hori erakutsiko diet Arkupera datozenei".

Kontzertuei ekingo diete berriro 22:00etan, eta horiek bukatutakoan DJen txanda izango da Haizea tabernan: Asier Galiano; Eder; Borgas; Irraghoresound; eta Dani. "Guztiak ez dira izango zapatuan, baina asko bai, hortaz, etorri gu ezagutzera", gonbidatu ditu herritarrak.

Txaro Gallego (antzezlea): "Bizitzaren, heriotzaren, amodioaren… gainean jardungo dut"

Urte asko daramatza antzerkiaren munduan, eta hamahiru urte Madrilen pasatu ostean etxera itzuli zen orain dela urte eta erdi. Suerte antzezlana gertatzen dabil eta hori erakutsiko du bihar, Arkupen (20:00).

Zeuk sortu duzu antzezlana?
Bai. Amets bat izan nuen behin eta zortea berba nuela gogoan esnatu nintzen. Hori buruan, kalera joan Madrilen eta jendeari galdetu nion zer zen zortea. Erantzun horiekin guztiekin eta ingurukoei gertatutako bizipenekin hainbat testu sortu nituen: poesiak… Testu horiek lotu gero eta mugimendua eman diet.

Baina ez dago bukatuta, ezta?
Ez. Horregatik work in progress emanaldia egingo dut, herritarrei zabalik dagoen entsegu bat da. Hala jakingo dut zelako erantzuna duen nire lanak, nik zein sentipen ditudan antzezterakoan… Halako saiotxo bat dagoeneko egin dut oso hurbilekoekin baina orain herritarrei zabaldu gura diet.

Bakarrizketa da?
Neu bakarrik egongo naiz taula gainean. Poesia errezitatuko dut, kantuan egingo dut inolako musika barik… Oso proiektu pertsonala da. Eta landuko ditudan gaiak dira bizitza, heriotza, amodioa, desioa, galerak…

Urduri zaude aretxabaletarrak izango dituzulako ikusle?
Ez da estreinaldia, hortaz, probak egin ditzaket, akatsak ere bai… Lagunen aurrean egin nuenean oso gustura sentitu nintzen eta oso ondo atera zen. Niretzat, gainera, ohorea da herrian bertan egin ahal izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak