Udalsareak jarri duen leloaren berri eman gura die herritarrei Udalak: Aukeratu. Aldatu. Konbinatu. Zure mugikortasuna. "Ikastetxera, lantokira edo erosketak egitera, saia gaitezen auto barik mugitzen", gonbidatu dute.
Ikastetxeek ere deialdi horrekin bat egin dute eta Arizmendi ikastolako Almen guneko kideek, esaterako, zera jakinarazi dute: "Almenera igotzeko bidea itxita egongo da, hortaz, ikasleak autoan hurbiltzen dituzuen familiei eskertuko genizueke industrialdean uztea eta jasotzea horiek". Gainera, taldetxoa osatu gura dute aste horretan bizikletan joan-etorria egin dezaten ikasleek. Talde horrek Herriko Plazatik irtengo du 08:30ean eta itzuli 16:00etan, Almenetik.
Bizikleta martxa Urkulura
Irailaren 20an, domeka, bizikleta irteera egingo dute Urkulura. Deia egin du Guraso Foroak –Gurabarri eta Batera guraso elkarteak, Arizmendiko gurasoak, Kukumiku elkartea eta Udala– eta irteera izango da 10:00etan, Herriko Plazatik. Urkulutik bueltan, Torrebaso jolas gunera joko dute txirrindulari guztiek hamarretakoa egin eta indarrak berreskuratzeko. Antolatzaileek gogorarazi dute umeek arduradun batekin joan beharko dutela.
Bigarren eskuko azoka
Bestalde, bigarren eskuko bizikleta azoka egingo dute irailaren 23an, eguaztena, 17:00etatik 19:00etara bitartean, Herriko Plazan. Lehenengoz antolatu dute Aretxabaletan eta herritarrak animatu gura dituzte: "Zenbat eta material gehiago jaso arrakasta handiagoa izango du".
Egoera onean dagoen materiala gura dute ordurako: bizikletak, trizikloak, kaskoak… Eta jasoko dituzte hilaren 21ean, astelehena, Arkupe alboan dagoen Udalaren biltegian. Hona ordutegia: 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Salneurria jabeak jarriko dio materialari.