Gobernu Batzordean egon gura du Irabaziko ordezkariak ere

Mirari Altube Arrese 2015ko uzt. 21a, 12:24

Agintaldiko lehen ohiko osoko bilkura egin zuten atzo Aretxabaletan, hilabeteko hirugarren astelehenean hain zuzen ere, eta udalbatzako kide guztiak elkartu ziren. Lagun giroa izan arren nagusi eztabaidak ere izan zuen lekua.

Aurreko bilkuretako aktak onartu ostean, Udalean ordezkaritza izateagatik alderdiek jasotzen dituzten diru-laguntzak jarri zituzten mahai gainean.

Unai Elkoro alkateak proposatu zuen aurreko agintaldietan egindako moduan banatzea dirua: %40 hauteskundeetan ateratako boto kopuruaren arabera; %35 zinegotzi kopuruaren arabera; eta gainerako %25 Gobernu Batzordean ordezkaritza izateagatik. Eta eztabaida horrek eragin zuen, hain zuzen ere. Irabaziko Luis Mariano Gomezek eskatu zuen gaia mahai gainean uzteko. Oso minduta agertu zen ordezkaritza ez izateagatik: "Irabazik eskatzen du gainerako Udal alderdien baldintza berdinetan egotea, kanpoan geratu garelako herriko hirugarren indar politikoa izanik eta Gobernu Batzordean egoteko interesa agertuta".

Gobernu Batzordea osatzen dute EAJko hiru zinegotzik, EH Bilduko batek eta PSE-EEkoak, izan ere, gehienez bost lagun egon daitezke. Alkateak erantzun zion bi aldiz proposatu ziotela sartzeko, eta ezetza eman zuela. Eta jakinarazi zion Gobernu Batzordetik kanpo geratu arren informazioa berdin-berdin jasoko duela.

Diru-banaketari dagokionez, ostera, aztertuko dutela beste sistemaren bat posible den aipatu eta bien bitartean orain artekoa aplikatzea onartu zuten.

Kiroldegian abonatu gabeko federatuen tasa

Bestetik, Mikel Uribetxebarria kirol zinegotziak proposatu zuen kiroldegiko tasa bat aldatzea. Eskola kirolean jardun eta kiroldegian beste kirol bat, saskibaloia esaterako, egiten duten abonatu gabeko umeei tasarik ez ordainaraztea izan zen proposamena, eta onartu egin zuten. Federatutako kirolean jarduten duten eta instalakuntzak behar dituzten kirolariek, ostera, ordaindu egin beharko dute kiroldegia erabiltzeagatik: 6,65 euro hilabetean.

Parte-hartze ordenantza bultzatu

Galdera eta eskarien atalean EH Bilduk eskatu zuen parte-hartze bidez boterea ematea herritarrei, eta horretarako bitartekoak jartzea. Hala, hainbat pauso proposatu zituzten: herritarren parte-hartzeari buruzko ordenantza garatzea; araudiaren baitan herri kontsultak egiteko aukera zehaztea, herri kontsultak egiteko ahalmena errazteko helburuarekin; eta instituzioen funtzionamendua eta lan batzordeak herritarrei zabaltzea: herritarrentzat ordutegi egokietan bilerak antolatu, hizkera sinplifikatu, informazioa garaiz eta egoki zabaltzeko bitartekoak jarri… Eta prozesu hori "adostasunean" eta "aniztasunean" aurrera eraman nahia agertu zuen EH Bilduk.

Bestetik, hondakinen bilketa sistemaren gaineko galdeketa egiteko "ezinbestekoa" dela ordenantza izatea aipatu zuten, eta gertu agertu ziren "adostasunaren bidetik" lan egiteko. Era berean,"zintzotasunean eta diskrezioan" oinarrituta lan egiteko eskatu zion EH Bilduk Udal gobernuari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak