Dantzak, sua eta tantaia bihar udari ongietorri beroa egiteko

Mirari Altube Arrese 2015ko eka. 22a, 17:15
Iaz egindako San Juan sua Herriko Plazan.

Dantzak izango dira protagonista bihar, San Juan bezpera. Plaza dantza izango da Leizarra musika eskolako kideen eskutik lehenengo eta dantzaldia Zesuma taldearekin gero. 22:30ean piztuko dute sua eta aurretik San Juanteko zortzikoa dantzatuko dute eta ondoren kantuan egin. Bukatutakoan tantaiaren txanda izango da; aurten 1997an jaiotakoek igoko dute.

Plaza dantzarekin hasiko dituzte ekitaldiak bihar, San Juan bezpera. Leizarra musika eskolako kideek eskainiko dute 18:00etan, Herriko Plazan, eta gurasoei, lagunei eta gainerako herritarrei zuzenduta dago.
Halaxe hasiko dituzte udako solstizioari ongietorria egiteko ekitaldiak, eta ondoren etorriko da buruhandien eta erraldoien kalejira herriko txistulariek lagun eginda. 21:00etan, ostera, dantzaldiari ekingo dio Zesuma taldeak plazako bazterrak erromeria giroko musikarekin betez.

Afalostean San Juan bezperako ohiturak berreskuratuko dituzte. 22:20an, kalejira egingo dute Leizarra musika eskolako dantzariek eta txistulariek Mitarte kaleko zortzigarren atartetik irten eta Herriko Plazaraino. Behin han, San Juanetako zortzikoa dantzatuko dute eta ondoren, 22:30ean, sua isiotu. Iazko San Juanetako lore-sorta erreko dute han eta horrekin batera ikasturtean egindako eskolako lanak botako dituzte gazte askok. San Juan abestia kantatuko dute bitartean.

Gazteek, tantaia

Ohiturari eutsita datorren urtean Santa Ageda neska-mutil izango diren gazteak, 1997an jaiotakoak, tantai bila joango dira goizean goizetik. Eguerdi partean herrira ekarriko dute eta zuritze lanak egingo dituzte orduan. Arratsalderako gertu izango dute Durana kalean 15 metro edo gutxiago izan beharko duen tantaia –segurtasunagatik Udalak eskatuta–, herritarrek ikus eta uki dezaten. Eta gauean, behin sua itzali ostean, tente jarriko dute Herriko Plazan.

Irak atarteetan

Eta San Juan egunean, ekainaren 24an, iratzez apainduta agertuko dira herriko atarte guztiak sasoi baten legez. Orain dela urtetxo batzuk berreskuratu zuten ohitura herriko hainbat lagunek eta aurten ere goizaldeko 2:00ak aldera hasiko dira lanean. Iratzeak atarte guztietan botako dituzte eta gurutzeak jarri aukeratutako batzuetan. Lore-sorta ere egin izan dute, baina aurten lore "gutxi" dagoela jakinarazi dute: "Ez dakit egiterik izango dugun…"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak