Agus Barandiaran: "Trikitiak nolabaiteko estatusa lortu du eta jende asko dago ikasten"

Mirari Altube Arrese 2015ko mai. 21a, 18:00
Agus Barandiaran trikitilaria.

Korrontzi taldeko trikitilaria da Barandiaran eta Basauriko musika eskolako irakaslea. Trikitiaren gaineko hitzaldia egingo du egubakoitzean, hilak 22, 19:00etan, Arkupen, maiatzaren 30eko Trikitixa Eguna girotzeko.

Zer kontatuko diezu aretxabaletarrei?

Ia 30 urte daramatzat trikitia jotzen eta neure esperientziaren berri emango diet beti ere gai hartuta trikitiaren nondik norakoak: zelan sartu zen Euskal Herrian, lehenengo txapelketak, zergatik deitzen zaion trikitiari infernuko hauspoa, nik norekin ikasi nuen –aspaldi hil zen trikitilari zahar batekin– eta zer erakutsi zidan hark… Horiek eta gehiago beti ere neure ikuspuntutik eta neuk bizi izandakotik urte guzti hauetan. Trikiti zaharrak ere ekarriko ditut jendeak ezagut ditzan.

Zelakoa da trikitiaren osasuna gaur?

Orain dela 40 bat urte, 70 hamarkada inguruan, erdi galduta egon zen eta gero etorri zen booma. Trikitia toki guztietan zegoen orduan, Gozategi eta halako musika taldeek esaterako, indar handia izan zuten eta disko salmentak ere etorri ziren… Moda hori jaitsi egin dela uste dut –baina ez dakit lehengo hura ere oso osasungarria zen, larregi ere ez baita izaten ona–, eta normalizatu egin da. Jende asko dago trikitia ikasten, nahiz eta ez izan lehengo boom hura, eta lortu du nolabaiteko estatusa, musika eskola guztietan dago eta beste instrumentu bat bezala hartzen da.

Korrontzi proiektu berritzailearekin etorri da aurten.

Korrontzirekin 10 urte bete ditugu eta bost disko kaleratu ere bai, eta beti ibili gara trikitia munduan erakusten eta kontzertu piloa eskaini ditugu: Estatu Batuetan, Cabo Verden, Errumanian… Beti eraman dugu mundura gure hizkuntza, gure musika eta baita gure dantza ere. Orain dela urte batzuk hasi ginen Oinkari dantza taldearekin elkarlanean eta beti ulertu dugu trikitia dantzarako instrumentu bat dela, nahiz eta estilo asko jo ahal izan. Korrontzi-Oinkari binomio hori oso ondo joan da, emanaldi guztietan gurekin egoten dira eta nolabait buelta eman nahi genion tortillari. Dantzari asko aspaldi hasi zitzaizkigun galdezka Oinkarik sortutako dantza horiek non ikas daitezkeen; izan ere, Oinkariren dantzak ere doaz tradizio kutsuarekin baina beti gauza berritzaileak sortu nahian. Eta beti interesatu izan dira dantza talde asko; bai bertakoak, bai Euskal Herritik kanpokoak ere. Adibidez Argentinatik dantza talde mordoak idatzi izan digu, informazioa lortu nahian, ikasi nahian…

Hala, Korrontzi dantzan proiektua bururatu zitzaigun Korrontzin, eta proiektu honen ardatza da geuk erakustea zuzenean koreografiak interesatuta dauden dantza taldeei. Orain dela hiru bat aste egin genuen deialdia eta talde mordoa apuntatu dira. Hortaz, Korrontzi dantzan zer da? Alde batetik, dantza taldeei gure dantzak erakustea eta bestetik, urte bukaeratik aurrera beraiekin zuzeneko emanaldiak egitea euren herrian.

Euskal dantzek, eta trikitiak berak, jende gaztea erakartzen dute?

Mugimendu handia dago. Dantza taldeen inguruan izugarrizko lana egiten dabiltza. Emanaldi askotan egotea tokatu izan zaigu eta ume eta gazte asko dabiltza dantzaren inguruan. Herri batzuetan bi eta hiru dantza talde daude eta talde berriak sortzen ere badabiltza. Nik uste Oinkari, Kukai, Aukeran… halako taldeei eta konpainiei esker jende asko dabil gerturatzen. Nik uste dut tradizioa aldatzeko ez garela inor, ez Korrontzi, ez herriko dantza talde bat, eta ez da hori gure nahia. Baina bai frogatzen ditugula gauza berriak tradizio horren gainean; eta nik uste bere egunean trikiti munduan erritmo berriak frogatzeak susperraldia ekarri zuen moduan, dantza munduan ere Kukaik, Oinkarik eta halakoek egiten dutena da gauza berriak ekartzea, euskal tradizio horretara eta euskal tradizioko pausu horiekin koreografia berriak sortzea. Ez gara inor tradizioa aldatzeko, baina bai horren gainean proposamen berriak egiteko. Eta horrek ekarri du gazteen interesa sortzea. Korrontzi dantzan deialdia egin dugunetik dantza taldeetako gazte asko interesatu dira gurekin zuzenean arizeko eta ikasteko.

Izena emateko eperik jarri duzue?

Ez dago data zehatzik. Deialdia irekita dago eta oso erantzun ona izaten ari gara. Batzuek eman dute izena dagoeneko eta gainerakoei esango nieke lasai emateko eta animatzeko. Dantza talde askori gertatzen zaie beldur direla, gurekin hitz egin arte behintzat, daukaten maila ea ote den nahikoa gurekin aritzeko… Guk beti esaten diegu koreografia batzuk errazagoak ditugula eta beste batzuk zailagoak, eta dantza taldearen mailara egokitzen garela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak