Zer da Modubat?
Modarekin lotutako proiektu bat, beste modu batera egin gura horretatik abian jarritakoa. Moda jasangarrian hanka bat sartzeko gogoarekin, ez bakarrik jantziak eginda, moda kontsumitzeko kultura era bat sortuta. Horregatik arropa bilduma txikiarekin hasiko gara eta magazin batekin. Ezagutzen nauenak badaki orain dela hamar bat urte hasi nintzela proiektu horri buelta batzuk ematen buruan, eta hemen dago.
Eta lehen fruituak etxean erakutsiko dituzu.
Bai, zeintzuk garen aurkezteko ordua iritsi dela uste dut. Donostian aurkez nezakeen baina etxean egin gura nuen, Aretxabaletan; izan ere, nire proiektuaren gakoetako bat hori da, txikitasuna.
Zer erakutsiko duzu?
Udaberri-udako bilduma, bigarrena. Diseinu oso klasikoak eta minimalistak dira, horrek betetzen nauelako. Materialari garrantzia ematen diogu eta horregatik kotoi organikoarekin egin dugu %90a. Guztiak dira alkandorak emakumeendako eta gizonendako. Eta kamiseta bilduma txiki bat ere badago.
Eta arropekin batera magazina.
Hori da. Horren asmoa da gogoeta bultzatzea; gai asko landuko ditugu eta modaren gaineko hausnarketak eta iritziak jaso. Jasangarritasuna izango dugu guztiok komunean, modurik zabalenean. Lehen zenbaki honetan Olivia Delcan Roman aktorea elkarrizketatu dugu.
Hasiberriaren ilusioa antzematen zaizu…
Hala da, baina egun guztiak ez dira alaiak, gogorrak ere badaude. Hainbat lan mota daude: ideiak bildu, komunikazioa landu, magazina idatzi… Eta gero dago eskulana, gogorrena. Baina era berean, gogortasun horrek mantentzen nau lurrera lotuta.
Gaztea, emakumea, ekintzailea…
Ufff, oso gogorra. Gaztea eta emakumea ikusita askok ez naute serio hartzen. Eta ateak ixterakoan itzuliko naizela noizbait pentsatzen dut.