Oraingoan moda kontuak izango dira erakusketa aretoan. Katalin Antxiak (Aretxabaleta, 1988) Modubat marka aurkeztuko du hilaren 13an: "Zer garen azalduko dugu eta Modubat magazinaren lehen zenbakia banatu ere bai", argitu du Antxiak. Eta hilaren 24tik 31ra bitartean, Moda Labo erakusketa izango da: "Ikusgai egongo dira ikasleek nirekin egin dituzten lanak; eta badago zer ikusi!", dio.
Musika eskolakoen emanaldiak
Musika ekitaldiei dagokienez, sei emanaldi eskainiko dituzte Leizarra musika eskolako ikasleek. Maiatzaren 4an eta 5ean dantzan jardungo dute eta 6an perkusio erakustaldia izango da. Hilaren 12an eta 13an trikitilarien, pandero-joleen eta akordeoilarien txanda izango da, eta ondoren izango dira txirularien emanaldia eta biolin eta biolontxelo-joleena.
Ikus-entzunezkoak eta antzezlanak
Maiatzean ez da zinemarik izango, baina bai proiekzio bi eguenetan. Hilaren 14an Gure Esku Dago ekimenak egindako Jostunak emango dute, 19:00etan. Eta 21ean, Goiener elkarteko kideen eskutik OligopolyOff ikus-entzunezkoa izango da, energia subiranotasunaren gainekoa hain zuzen.
Antzerkiak ere izango du lekua Arkupen. Hilaren 8an, egubakoitza, 22:00etan, La extraña pareja eskainiko du Txineska antzerki taldeak –sarrera, lau euro–. Domekan, hilak 10, ostera, Barbantxo izango dute neska-mutikoek, 17:00etan –sarrera, hiru euro–. Eta hilaren 29an, Txalo taldeak Erdibana eskainiko die helduei.
Beste ospakizun batzuk
Arkupetik kanpo ere egongo da zer ikusi eta zerekin ondo pasatu maiatzean. Hilaren 17an, ohitura den legez, Otalai Zelai eguneko erromeria egingo dute Aozaratzako zelaian; 23an, Atzegiko kideen festa izango da; 24an, Demetrio Iriarte txistularien mendeurreneko ekitaldiak hasiko ditu Aretxabaletako txistulari taldeak Gasteizko bandaren emanaldiarekin; 30ean, Debagoieneko Trikitixa eguna ospatuko dute; eta hilabeteko azken domekan, hilaren 31n, Haur Dantzarien Eguna izango da.