Hilabetetako lanaren ostean, heldu da eguna; pozik?
Saioa Cabañes: Oso pozik gaude, erronka handia izan da.
Maider Aizkorbe: Bai, horixe; gauza asko zeuden lotzeko, baina merezi izan du ahaleginak!
Erakusketak, irratsaioak, dokumentalak... egin izan dituzue Emarocken izenean. Biharkoa baina, historikoa izango dela diozue.
S.C.: Euskal Herrian sekula ez da izan, horrenbeste emakume musikari egun berean elkartu dituen jaialdirik.
M.A.: Gure agintaldiko zutabe garrantzitsuenetako bat feminismoa izan da, eta, emakumeen presentzia esparru guztietan erakusteko asmoaz, askotariko ekimenak egin izan ditugu, kulturan, kirolean eta bestelako arloetan. Emarock egitasmoak bete-betean egiten du gure helburuekin bat eta horregatik jo genuen eurengana.
Tailerrez gainera, askotariko estilotako kontzertuak izango dira.
S.C.: Goizean, inguruko taldeen emanaldi lasaiak izango ditugu, bertako musikariei protagonismoa eman gure izan diegu. Egunak aurrera egin ahala, doinu elektrikoagoek hartuko dute lekukoa. Gauerako bi perlatxo utzi ditugu egunari bukaera indartsua emateko: urteetako eskarmentua duen Tolosako Humus taldea eta Bartzelonatik datorren The Lizards.
Bertako emakume artistei ere mikrofonoa zabalduko diezue.
S. C: Bai; gure asmoa Aretxabaletako taldeei ere lekua egitea izan da hasieratik; beraz, jendaurrean abestu edo musika tresnaren bat jo gura duenak taularen gainera igo besterik ez du.
M. A.: Polita eta oso garrantzitsua iruditu zitzaigun sarritan gordeta dugun artista zena ateratzeko bidea ematea.
Emakumeak dira protagonista, baina nori zuzenduta dago jaia?
S.C.: Gizarte osoari; uste dugu oraindik ere klixe asko daudela-eta jende askoren buruan. Guztion inplikazioa beharrezkoa da, gauzak aldatu gura baditugu.
M.A.: Herrian sekulako ilusioa dagoela esango nuke, jende asko etorri zait kalean jaialdiaz interesatuta galdezka.
Egun handia biharkoa bada ere, gaur, egubakoitza, Debagoieneko musikarien solasaldia izango da.
S. C.: Ines Osinaga (Gose), Iraitz Agirre (Ain-1) eta Las Tuercas taldeko Saioa eta Manzana izango dira. Euren bizipenak kontatzeaz gainera, Debagoieneko musika eskaintza aztertuko dute. Arkupen izango da 19:00etan.
Aipatutako ekitaldiez gainera, erakusketa bat ere badago Arkupen.
M. A.: Askotariko argazki eta diskoen azalekin osatutakoa da, merezi du bertara hurbiltzea; oso polita da. Apirilaren 30era bitartean dago zabalik.
Zerbait gehiago gaineratu gura baduzue...
S. C: Jaialdiaren leloak dioen moduan, Goazen Rockeatzera!.
M. A.: Emarock ekimenaren ibilbidea txalotu gura nuke, ikaragarria da egiten ari diren lana. Era berean, bazkarirako txartela erosi dutenei -dagoeneko agortuta daude- argitu gura nieke txartelaz gainera, ez dutela ezer gehiago ordaindu edo ekarri behar. Eta bukatzeko, hurrengo legealdian izango diren udal ordezkariei eskatuko nieke, emakumearen alde lan egiten jarraitzeko apustua egin dezatela.