Oihana Aldai: "'Conquis'etik bueltan hiru hilabete egin nituen errehabilitazioan eta poliki-poliki oneratu naiz"

Mirari Altube Arrese 2015ko api. 18a, 08:30

Oihana Aldai, Herriko Plazan.

Aurpegi ezaguna da Oihana Aldai (Aretxabaleta, 1992), eta ez bakarrik herrian. ETBko El Conquistador del fin del mundo saioak egin du ezagun. Añorgako futbol taldeko atezaina da, baita entrenatzailea ere. Eta erizain ikasketak egiten dabil.

Azken hilabeteotan famatu egin zara. Jendeak ezagutzen zaitu?
Bai, saioa jende askok ikusten du-eta... Kalean bakarrik ez, sare sozialen bitartez ere jende asko hurreratu zait eta babes mezu asko jaso ditut.

Egiteko gai zarena erakutsi barik alde egin behar izan zenuen ETBko lehiaketatik...
Pena galantarekin! Min hartu nuelako utzi behar izan nuen eta horrek baino pena handiagoa eman zidan saioa utzi beharrak. Ni ondo lehiatzeko gai ikusten nintzen, ahal nuen guztia ematera joan nintzen-eta. Baina…

Zer izan da politena?
Jendea ezagutu izana. Eta bestetik, kontu txikiak gehiago baloratzen ditudala orain: jatekoa, erosotasunak… Pertsona batek esaten duena baino gehiago ikusteko gai naizela orain uste dut, begiradari, keinuei erreparatuta.

Eta zer izan da gogorrena?
Lehenengo egunetan jatekorik ez izatea; lau egun eta erdi egon ginen ezer jan barik, eta gero sardina bat izan genuen bi egunetarako. Baina ondoren ohitu egin nintzen, eta antxoa bat eman zigutenean biren artean jateko gordetzea erabaki genuen. Hala ere, gogorrena buruak egiten duen lana da. Denbora asko pasatzen genuen egitekorik gabe eta buelta asko ematen zaizkio buruari.

Bizitako esperientzia honetan zerekin geratuko zinateke?
Munduaren beste aldean dagoen lurraldera bateraino joan izanarekin eta jendea ezagutu izanarekin. Esperientzia benetan polita da kirola gustuko izanez gero eta sufritzeko gaitasuna izanez gero. Pentsa, berriro joango nintzateke…

Lehiaketaren jarraitzaile sutsua zinen aurretik ere, ezta?
Orain dela lau urte inguru zaletu nintzen eta aurreko ediziora ere aurkeztu nintzen. Orduan ez ninduten hautatu, baina oraingoan bai.

Sare sozialetan asko ibiltzen zara.
Bai, baina ez orain, lehen ere bai. Orain behar bada jarraitzaile gehiago ditut eta horiekin harremana izaten saiatzen naiz. Twitter bidez, esaterako, babes mezu mordoa jaso nituen lehiaketatik kanporatutakoan.

Intimitatea galtzeak ez dizu beldurrik ematen?
Interneten zerbait sartuz gero intimitatea galdu duzu. Facebooken, esaterako, lagunak eta ezagunak bakarrik dauzkat.

Añorga futbol taldeko atezaina zara, baina lan handia eginda iritsi zara bertara.
Kurtzebarri eskolan hasi nintzen  eta gero Arizmendin hiru urte egin nituen. Ondoren Mondrara joan nintzen eta Eibarretik deitu zidaten; urte eta erdi egin nituen han eta Mondrara itzuli gero. Eta azken bi denboraldiak Añorgan nabil.

Aurten min hartuta egotea tokatu zaizu…
Bai, Conquisetik bueltan hiru hilabete egin nituen errehabilitazioan. Kolpea hankan hartu nuen baina kolpearekin bizkar guztia mugitu zitzaidan eta arazo handiak izan ditut. Poliki-poliki oneratu naiz, baina ondo kostata.

Partiduak jokatzen bazabiltza, ezta?
Bai, bai. Lau hilabete eta hamar egun egin nituen jokatu barik eta horren ostean, lehenengoa izan zen Atlheticen aurka. Akatsak egin nituen baina gustura geratu nintzen, eta orain ere oso gustura nabil.

Futbolaz gain beste kirol batzuk ere gustuko dituzu…
Bai, oso kirolzalea naiz. Bizikletan ibiltzea dut gustuko Tafid modulua ikasi nuenetik. Orain Donostian, gimnasiora ere joaten naiz, baina edozertarako nago gertu: piraguan ibili, surfean egin, frontenisean… Eta snowboard ere atsegin dut.

Entrenatzailea ere bazara.
Bai, kadete mailako neskak entrenatzen ditut, 14 eta 15 urte artekoak. Oso gustura nabil, ikasteko gogoa handia dute-eta. Nik beti esaten diet: gustuko baduzu zerbait, jarraitu hor eta gozatu horrekin.

Entrenatzaile famatua dutelako pozik daude?
Oso pozik. Ez nien esan lehiaketara nindoanik, hilabete batzuetan ez nintzela egongo bakarrik, eta saioa hasi zenean harrituta geratu ziren. Neuk baino emozio handiagoarekin jarraitu dute telebista saioa.

Eta erizain izateko ikasten zabiltza. Gustura?
Bai, aurretik kirolaren gaineko modulua egin nuen eta hori bukatutakoan hasi nintzen. Hirugarren urtean nago eta oso gustura. Asko ikasi behar da, baina praktikak ere baditugu gertuagotik ezagutzeko lanbidea, eta oso pozik nabil.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak