Begietatik urruti, bihotzetik urruti dio esaerak (ojos que no ven, corazón que no siente) eta Severiano Aiastui marianista aretxabaletarrak buelta ematen ziola esaldi horri diote ikertu dutenek: bihotzetik urruti, begietatik urruti (corazón que no siente, ojos que no ven). Eta hark esandakoak eta batez ere Argentina aldean egindakoak liburuan jaso dituzte orain: El cura caminador, un vasco en el Impenetrable argentino.
Marianista misiolaria
Aozaratza auzoko Otala Zelai baserrian jaio zen orain dela 100 urte eta Eskoriatzako marianisten ikastetxean ikasi. Friburgon (Suitzan) izendatu zuten abade eta goi mailako karguak izan zituen bai Erroman, bai Madrilen hainbat urtetan. Haren gogoa, baina, misioetara joatea zen laguntzera eta Afrikan, Togon, egin zituen 12 urte inguru. Hori nahikoa ez, eta ondoren, 72 urte zituela, Argentinara joatea eskatu zuen; 20 urte pasatxo egin zituen han.
Aiastuiren bizipenak eta batez ere Argentina aldean egindako lana liburuan jasoko dute orain. Eguaztenean aurkeztu zuten, eta elkartu ziren senideak, Udal ordezkariak –Ana Bolinaga alkatea eta Zigor Quintanilla, Kultura zinegotzia– eta Favio Javier Echarri idazle argentinarra. Aitor Antxia Leturia aretxabaletarrak bultzatu du liburu hori, eta Echarrik, Argentina aldean egin du lehenengo ikerketa lana eta gero idatzi.
El Impenetrable lurraldean
Argentinako iparraldean, Paraguaiko mugatik oso gertu, dagoen El Chaco probintziako El Impenetrable lurraldean jardun zuen lanean 20 urtean: "Zaldi bat hartuta ibiltzen zen, baina lehenengo oinez; horregatik esaten zioten abade ibiltaria. 80 kilometro egiten zituen alde batera eta bestera, eta lo egiten zuen edozein lekutan, nahiz eta gauak oihanaren erdian harrapatu", adierazi du Echarri idazleak. Eta lortu zuen osasun zentro bat egitea, anbulantzia eta medikua sarriago joatea lurralde hartara, elkarte bat sortzea eta jende askoren bizi baldintzak hobetzea, beste askoren artean. Eta salatu zituen bidegabeko egoera eta injustizia asko eta asko politikoen aurrean. "Lurralde hartako bizilagunek ondo gogoan dute abade euskalduna, eta beti gogoratuko dute".
Ilobek ere maitasunez gogoratzen dute osaba, gizon apala eta maitagarria zelako, eta oso euskalduna: "Madrilen edo Erroman egondakoan baino gertuago sentitu genuen Afrikan eta Argentinan zegoenean. Eta beti Euskal Herriari eta hemengo kontuei jarraipena egiten, egunez eguneko jarraipena", zioen Joserra Aiastui ilobak.
Liburua dagoeneko inprentan daukate eta laster izango da gertu. Arkupen salduko dute gero, 10 euroren truke.