Ibarra kiroldegiak lehen pausoak eman ditu etapa berrian

Mirari Altube Arrese 2015ko mar. 6a, 09:00

Otsailaren 1arekin batera hasi zuen ibilbide berria Ibarra kiroldegiak. Udalak beregain hartu zuen haren kudeaketa, eta Athlon kooperatibari eman zion kirol jardueren ardura eta Comercial de Limpieza Villar enpresari garbitasun lanena. Hori guztia koordinatzeko ardura, ostera, Igor Arenatzak hartu zuen. Hilabete pasatu da ordutik; lehen datuak jaso eta lehen hausnarketak egiteko nahikoa denbora.

"Ikasteko" hilabetea izan da Arenatzarendako; begiratu, ezagutu eta elkarlanean "martxan" jartzeko garaia, eta horretan "erraztasunak" izan dituela guztien aldetik aitortu du. "Asier Muxikarekin, kirol teknikariarekin lanean nabil, Athlonekin batera jarduerarik onenak antolatzeko. Jose Mari Segoviarekin, Hirigintza teknikariarekin, ere harreman zuzena dut instalakuntzaren kontuetarako".

Otsailarekin batera tarifek behera egin dute, %21 (Udalak erabakita). Eta abonatu kopuruak gora: 2.147 abonatu zeuden otsailaren 1ean, eta martxoan, 2.198: "50en bat abonatu gehiago ditugu. Hala ere, konparaketak egiten hasteko goiz da, denbora gehiago beharko genuke ondorioren bat ateratzeko. Hori bai, 2.200erako bidean goaz, eta hori ona da", dio Arenatzak. Gainera, onartu du kirol teknikariarekin lanean dabilela tarifa berriak sartzeko, federatutakoendako, esaterako.

"Kiroldegiak oso ondo funtzionatu du orain arte, eta gure asmoa ez da goitik behera aldatzea; aldaketak, gainera, beti Athlonekin elkarlanean egingo ditugu". Hobekuntzak egiteko abonatuen iritziak jaso gura dituzte inkestak eginda: "Erabiltzaile guztion elkarlana delako beharrezkoa".

Jarduera berriak antolatu

Kiroldegiko gune bakoitza da garrantzitsua Arenatzaren esanetan: "Kantxa dotorea dugu eta astean izan da goi mailako saskibaloi partidua; rokodromoa Euskadiko onenetakoa da eta laster boulder txapelketa jokatuko dute; fitness gelan makinarik onenak ditugu; igerileku eta spa gunea ere benetan erosoak… Hortaz, bakoitzak du bere berezitasuna". Hala, guztiak bultzatuko dituztela dio, eta batez ere kantxa indartu gura du, aste bukaeran ere "martxan" egon dadin.

Jarduerei dagokienez helburu bi dituzte: batetik, hainbat jarduerek dituzten itxaron zerrendei konponbidea eman; eta bestetik, jarduera berrien eskaerak erantzun. Horrez gain ekitaldi bereziak ere egin gura dituzte, oihartzuna izango duten egun bateko kontuak. "Athloneko Iñigo Murgiondo eta biok gabiltza jarduera kontuekin. Erronka da inguruko kiroldegietan begiratu, zerk funtzionatzen duen ikusi, eta hori bultzatu gurean ere".

Kiroldegia batzuendako "urruti" geratzen dela uste du eta bertako kontuak herrian erakustea gurako luke: "Ez dakit aurten kirolari eskainitako aste bukaerarik antolatuko den baina hala balitz bertan egon gurako genuke". Gainera, beste ekitaldi batzuetarako –bihar egingo den Fun Dantz! jaialdirako esaterako– zabalik daudela Ibarrako ateak gogorarazi du.

 

Igor Arenatza: "Niretako erronka bat izan da proposamena eta saiatu egin gura dut"

Azken sei urteak Aretxabaleta kirol elkartean jardun du kirol zuzendari legez Igor Arenatzak (Aretxabaleta, 1974) eta orain Ibarra kiroldegira egin du salto.

Zure izendapenak zeresana eman du herrian; eraginik izan du zuregan?
Kontu politikoak izan direla uste dut, nik guztiekin dut-eta harreman ona. Niretako erronka bat izan da proposamena eta saiatu egin gura dut. Alderdi guztiekin egin dut berba eta ez dut inongo arazorik inorekin. Eta argi dut guztiok gura dugula Aretxabaletarendako onena.

Zeintzuk dira zure eginbeharrak?
Athlonen ardurapean dauden kirol jarduerak, mantenua eta harrera zerbitzua koordinatu; Comercial de Limpieza Villarren garbitasun lanak koordinatu; administrazio lanak egin; ikastetxeen eta eskolaz kanpoko jarduerak koordinatu; eta bezeroak zaindu.

Kirol teknikariarekin elkarlana zelakoa da?
Oso ona. Asier Muxika aspalditik ezagutzen dut eta asko lagundu izan dit lehen ere. Berak, gainera, nik baino askoz eskarmentu handiagoa du kontu honetan.

Azken sei urteotan UDAko kirol zuzendaria zara; bi lanak bateratzeko asmoa duzu?
Bai. Apiril inguruan gehituko zait lan karga UDAn, orduan hasiko garelako datozen hilabeteak antolatzen, baina orain arte ondo moldatu naiz. Kiroldegiko ardura da urtea bukatu arte, hortaz, biak bateratuko ditut; izan ere, UDAko lanak asko asetzen nau. Datorren urtean zer? Ikusi egin behar.

Zelakoa da kirolaren egoera Aretxabaletan?
Asierrek eta biok uste dugu hausnarketatxo bat behar dela nora jo gura dugun zehazteko. Kiroldegiak eta UDAk egin behar dute baina baita herriko gainerako eragileek eta elkarteek ere, hortaz, badago plan estrategiko bat egiteko borondatea. Asierrek jarriko du abian eta gainerakook lagundu egingo diogu.

Zer indartu beharko litzateke?
Nik ardura bat daukat: ume asko etortzen dira futbolera baina gero guztiek ez dute lekurik. Hortaz, beste kirol batzuk bultzatu beharko genituzke, eskalada esaterako, indarra hartzen dabil orain rokodromoa dela-eta. Eta nesken kirol ibilbidea erraztu beharko genuke. Esparruak zabaldu behar dira eta horretarako eredu Oñati aipatzen dut beti; Aloña Mendik hamalau sail ditu eta kirol batean ez bada bestean lekua izango du ume horrek.

Eta herriko talde guztiekin harremanak izateko gertu?
Bai horixe. Nik talde guztiak –xakea, judoa…– UDA barruan izatea gurako nuke, elkartuta botere handiagoa izango dugulako, eta sail berriak sortu. Eta hala, Aretxabaletan sortutako elkarte handi bateko kide izan guztiok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak