Jon Darpon: "Osasun publikoan kontutan izan behar da geroz eta populazio helduagoa dugula"

Xabier Urtzelai 2015ko ots. 28a, 10:46

Jon Darpon, Aretxabaletako batzokian, berbaldi hasieran.

Jon Darpon osasun sailburuak berbaldia egin zuen atzo, egubakoitza, Aretxabaletako batzokian, EAJk antolatuta. Legegintzaldi erdi dagoeneko agortuta, Jaurlaritzako gobernu taldeak osasun publikoaren kudeaketan marraztutako bost lan-lerroak azaldu zituen herritarren artean. 

Aretxabaletako batzokia jendez bete zen Jon Darpon osasun sailburuaren berbaldia entzuteko. Hala, osakidetza zerbitzu publiko, duin eta kalitatezkoa dela defendatu zuen, baina gaineratu zuen baliabide guztiak ondo kudeatzeak zelako garrantzia duen, batez ere krisiak astindu gaituen honetan: "Proiektuaren erdia dagoeneko gauzatu dugu, eta gobernu taldeak marraztutako bost lan-lerroak azalduko ditugu", azaldu zion GOIENAri berbaldia hasi baino minutu batzuk lehenago.

Herritarrak, guztiaren gainetik

Bost lan-lerro horietan lehena pertsonak dira, herritarrak: "Herritarrari eskaintzen zaion osasun zerbitzua da hau, publikoa eta unibertsala. Zergetatik finantzatzen dena, eta kalitatezkoa. Hau da, azken 31 urteotan izan dugun zerbitzua da. Bigarrengoz, garbi izan behar dugu gurea zahartzen dabilen gizartea dela, hau da, populazio geroago eta helduagoa dugula, eta gaixotasun kronikoek gora egingo dutela. Hala, horren aurrean neurriak hartzen ari gara, esaterako, zerbitzua etxebizitzetara gerturatuz.

Zerbitzu iraunkorra 

Hirugarren lan-lerroa zerbitzuaren iraunkortasunarena da: "Ondo dakigu krisiak ze eragin izan duen, eta badakigu diru gutxiago dugula. Hala, kalitatezko zerbitzua izaten jarraitzeko baliabideak ondo kudeatzen jakitea ezinbestekoa da, eta eraginkorrak izan behar dugu. Laugarren puntua, berriz, Osakidetzako langileei eskaini beharreko arreta da. Pertsonak zaintzen ditugun pertsonak gara, horrenbestez, Osakidetzako langileek ere arreta guztia merezi dute. Eta azkenik, bosgarren puntua ikerkuntzarena eta berrikuntzarena da. Geroago eta enpresa gehiago dabiltza osasun zientzian ikertzen, gure industria produktu berriak garatzen dabil, eta ezinbestekoa da, unibertsitateekin batera, potentzial horri guztiari etekina ateratzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak