Aurrera irabaztera etorri da eta ez dizkio lanak erraztu etxeko taldeari. Baina UDAk partidua hasi eta laster egin du gola eta atzetik ibili beharrak baldintzatu egin du haren jokoa. Bosgarren minutuan egin du gola Santxok; Aurrerako hiru bat jokalari atzean utzi eta dotore sareratu du baloia. UDAko jokalariak ondo kokatuta egon dira zelaian eta pase politak egin dituzte. Hala, 24. minutuan iritsi da bigarren gola. Piruk baloia pasatu Josu Arizmendiri; horrek ondo eutsi, eta atezainaren aurrean bakarrik zegoela, barrura.
Etxekoen bi golek suspertu egin dituzte kanpokoak, eta atsedenaldira joan bitarteko minutuetan estutasun batzuk pasatu dituzte aretxabaletarrek. Iker atezainak, baina, konfiantza handiarekin jokatu du eta baloiak eroso harrapatu ditu.
Bigarren zatian beste bi gol
Bigarren zatia hasi orduko izan du hirugarren gola egiteko aukera Santxok. Santxok ez, baina Haritz Igartuak laster egin du gola 54. minutuan. Ondarroako atezaina aurreratuta ikusi eta zelai erditik jaurti du baloia; baita sareratu ere. Eta zaleak ezin gusturago. Borobiltzeko laugarrena etorri da gero. 60. minutuan falta bat atera du Beñatek, baloiak ihes egin dio eskuetatik Aurrerako atezainari eta Josu Arizmendik buruarekin barrura.
Hortik aurrera ezer gutxi egin dute bi taldeek. Aurrera saiatu da UDAren atera iritsi eta gola bilatzen, baina arrisku handirik ez du sortu.
Aretxabaletak lider sendoa dela erakutsi du beste behin, eta gidaritzan jarraitu gura duela luzaroan.