Bolada txarrari buelta emateko izan dadila Antzuolaren 3 eta 1eko garaipena

Mirari Altube Arrese 2015ko urt. 11a, 11:37
Antzuolako jokalaria baloia hartzeko borrokan.

Real Union hartu du etxean Antzuolak. Sailkapeneko zortzigarren postuan egonda Irungo taldea ez zen arerio samurra. Etxekoek, baina, asmatu egin dute golak egiten eta partidua irabazi 3 eta 1. Denboraldiko bigarren garaipena da. Bergarak, Aloñak eta Mondrak ostera, kanpoan jokatu dute eta hirurak esku-hutsik itzuli dira etxera.

Urtea ez zuten ondo hasi antzuolarrek, joan den astean 4 eta 0 galduta Aurrerarekin. Horregatik derrigorrez irabazi beharra zuten atzo eta gol asko eginda hobeto. Batetik, puntuak eskuratzeko, eta bestetik, konfiantza berreskuratzen hasteko.

Puntuak derrigorrean behar dituzte zulotik atera eta goranzko bidea hartzeko; izan ere, orain arte 10 bakarrik batu dituzte bi partidu irabazita. Ea atzoko garaipenarekin konfiantza berreskuratzen hasten diren Jon Muruamendiaraz eta Ekain Garinen mutilak, hemendik aurrerako partidu guztiak izango direlako finalak.

Bergarak eta Aloñak galdu

Bergarak Martuteneren aurka jokatu zuen atzo eta gol zaparrada jasota itzuli zen, lau gol hain zuzen (4 eta 0). 19 punturekin sailkapenean atzera geratzen hasita daude Bergarakoak eta datorren asteko partidua garrantzitsua izango da. Izan ere, puntu bat gainetik duen Zarautzen etxera joango da.

Aloña Mendik ere puntuak behar ditu Bergararen atzetik dago-eta sailkapenean 17rekin. Atzo Touringen etxean izan zen eta esku-hutsik itzuli 2 eta 1 galduta. Datorren astean ere kanpoan jokatuko du, Martuteneren aurka hain zuzen.

Erregional preferentean Mondrak galdu

Mondrak ere galdu egin zuen Mutrikun, 2 eta 1. Partidu garrantzitsua zen arrasatearrendako; izan ere, irabaziz gero Mutriku harrapatuko zuen eta puntuetara berdindu. Orain, baina, ihes egin die eta 6 puntura jarri. Mondra 23 punturekin dago Aretxabaletarekin berdinduta, UDAk irabazi egin zion-eta zapatuan Zumaiakori, 4 eta 3.

Josu Zubiak hartu du Arrasateko taldearen gidaritza eta mailaz igo gura badute ezingo diete puntuei alde egiten utzi. Datorren astean ere kanpoan jokatuko du, Tolosan hain zuzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak