Aretxabaletako Apotzaga-Etxebarri auzoko Salluente baserrian gertatu da ezbeharra, San Blas ermita ondoko etxean. Biktima 60 urteko gizonezkoa da. Lehen zantzuen arabera sua pizten ari zela istripuz arropak su hartu eta kiskalita hil da. Biktima bakarrik bizi zen eta bizilagun batek aurkitu zuen hilotza, atzo iluntzean, etxe ondoko belardian.
Abisua eman eta bertaratutako sendagileek ezer gutxi egin ahal izan zuten. Auzitegiko medikuak heriotza baieztatu eta Segurtasun sailak gertatutako ikertzen dihardu orain. Ertzaintzak sokaz hesituta dauka ingurua.
Gaur goizean zur eta lur zeuden Apotzaga-Etxebarri auzoan, baita inguru horretan paseoan ibili ohi diren hainbat lagun ere. "Oso oso harritzeko izan da hau. Horren bat batean, hau pasatzea...", zioen lankide ohi batek. "Oso eraso gogorra izan da".
Autopsiaren zain
Autopsiak eta forentsearen informea erabakiorrak izango dira gertatutakoa argitzeko. Ertzaintzaren lehen ikerketen arabera biktima etxeko galdara edo tximinia pizten ari zela arropak su hartu eta ezin itzalita kiskalita hil da. Ezbeharra noiz gertatu den ere autopsiak argituko du.