Aretxabaleta errudun bai, baina grazia handiarekin

Jon Berezibar 2014ko abe. 28a, 14:00

Eskoriatzarren aurka "nagusikeriaz" eta "umiliazioz" jarduteagatik errudun da Aretxabaleta. Hori izan da On Prudentzio Piperrauts-en aurtengo Toberako epaia, Aretxabaletako kiroldegia atzo goraino bete zuten ehunka herritar lekuko zirela ezarria. Tobera oso musikala izen – kabareta egon zen –, dibertigarria – esketx bikainak egin zituzten – eta antzespen txalogarriak izan zituen. Epaia bete beharko dute orain, ezin bestela, aretxabaletarrek, eta Piperrauts epaileak aurten gogorra ezarri du zigorra: besteak beste Kurtzebarri egunean Eskoriatzako bandera haizatu beharko dute kalte-ordain modura.

Aretxabaleta ere ezin izan da Toberako akusazioetatik libre geratu eta "nagusikeria" eta "umiliazio" salaketei erantzun beharko die; ezinbestean, On Prudentzio Piperrauts epailea ez baita makurtu eta Aretxabaleta errudun jo zuen atzo.

Zigor gogorra ezarri die aretxabaletarrei: Araba ibilbideari Eskoriatza ibilbidea ipini beharko diote izena, datorren urteko Kurtzebarri egunean Eskoriatzako bandera jarri beharko dute mendi disputatuan eta giza-katea osatu beharko dute bi herrietakoek, adiskidetasun seinale eta erreparazio ikur bezala. Ikuskizun orain, sententzia beteko den ala ez, baina epailearen erabakiak, behinik behin, txalo artean hartu zituzten ikusleek. 

Aktoreak, bikain

Egoitz Salaberria fiskalak min agerikoz aurkeztu zituen "mendeetan zehar" eskoriatzarrek aretxabaletarren aldetik jasan behar izan dituzten ustezko gutxiespenak. Aretxabaletaren defentsaz arduratu zen Justa Zelaia abokatua, halere, ez zen kikildu eta irmo erantzun zien akusazioei, banan-banan eta grazia handiz. Aitor Agiriano eta Miren Arenatzak hartu zituzten paper horiek eta aktore sen bikaina erakutsi zuten, batak zein besteak, ia bi ordu iraun zituen antzezlanean.

Akusazio gogorra

Eskoriatzaren izaera erdaldunagoa eta Kurtzebarri norena ote den, horra, auziaren bi saihets konplikatuenak, atzo aurkeztu zen salaketa zerrenda luzetik. Bataren ala bestean defentsan, oholtzaratu zituzten Eskoriatzan ezkondu zen Telesforo Monzon  (eztei ostean sekula ere itzuli ez zena), Loramendi poeta (bere burua azkenean arrasateartzat jo zuena) ala Kurtzebarriko gurutzea bera, liskarrekin ernegatuta, aldarrikapen feminista eta guzti etorri zena.

Egurra azkenean, ohi bezala, alde bietan eta ez zen falta izan Aretxabaletako kiroldegiari ala Eskoriatzako Jose Aranako zurezko xafla deigarriei buruzko txisterik. Azkenerako eraso, txantxa eta jolasen artean protagonista guztiek dantzan amaitu zuten Kepa Errastik gidatutako kabareteko dantzari probokatzaileek gonbidatuta. Min eta salaketez hasitakoa, jai giroan eta dantzan bukatu zuten.

Argumentuak argumentu, aurten ezer nabarmentzekotan, egindako esketx zoragarriak izan dira aipagarrienak. Aretxabaletan dauden autobus geratokien gaia eta herritarren artean horrek sortzen duen nahasmenarekin egindakoa bikaina izan zen eta baita ere Eskoriatzako eta Aretxabaletako erretiratuek bidegorrian komunak jar ditzatela eskatzeko egindako manifestazioarena ere.

Herria protagonista

Berriz ere asmatu du Toberak herritarren inplikazioan eta horrek ematen dio antzerki satirikoari xarma. Aurten inplikatu dira baita bi herritako alkateak ere; esketx baten parte-hartuz eta guzti. Hala, antzerkiaren amaiera aldera eta bi herrien arteko maitasun ezkutu baina posiblearen froga modura, epaileak erakutsitako argazkietan agertzen ziren Ana Bolinaga eta Beñat Herce alkateak, Otalora jauregiko aparkalekuan in fraganti harrapatutako argazki batzuetan elkarren artean musukatzen erakutsiz.

Orain epaia bete besterik ez zaie geratzen aretxabaletarrei baina atzoko barre eta txaloei kasu eginda, pena eztia izango dela ematen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak