Herritarrek egindako bideo bat emango dute Herriko Plazan datorren eguaztenean. Bideo hori aurretik bidalitako grabazioekin osatuko dute. Eta bihar, egubakoitza, da grabazio horiek bidaltzeko azken eguna. Zer da euskara zuretzat? gai hartuta hamar segundo inguruko grabazioak (telefono mugikorrarekin egin daitezkeenak) bidali behar dira Loramendi elkartera Whatsapp bidez (685 75 67 29) edo helbide elektronikoa erabilita (loramendielkartea@gmail.com).
Kantuan ere egingo dute eguaztenan. Lekaixoka bertso eskolako kideek bi bertso gertatu dituzte herritar guztiek –ume, gazte, heldu eta nagusi– kantatzeko. Hona bertsoak aurrez ikasi gura dutenendako:
Euskaldunek garela
hori badakigu
baina euskaldun izeten
nolatan segidu
ez gaittezen bihurtu
jai baten gatibu
egunero izan deilla
abenduak hiru
Berrizbeitia (Lekaixoka)
Euskalerri danien
edozein lekutan
kalien eta kantuen
jolasien burrukan
in leikie hitanoz
baitta ere zukan
euskera lelengo hitza
mingainian puntan
Mikel (Lekaixoka)
Doinua: Aitorren hizkuntz zaharra
Zapatuan artelanak plazan
Euskararen bueltako kontuak ospatzen, baina, eguaztena baino lehen hasiko dira. Etzi, zapatua, gaztelekuko kideek artelanak egingo dituzte natur elementuekin Herriko Plazan (euria bada, arkupeetan), 16:30etik 20:30era bitartean. Gazteria Sailak, gaztelekuak eta Loramendi elkarteak elkarlanean antolatu dute ekimena, Euskara Mahaiaren laguntzarekin, eta tailerra Garaion elkarteko kideek bideratuko dute. Protagonistak nerabeak izango direla jakinarazi dute antolatzaileek, baina herritar guztiak gonbidatu dituzte ekimenean parte hartzera.