Aurreneko mozioa izan zen liburuen maileguagatik liburutegi publikoek ordaindu beharreko kanonaren gainekoa. PPk, "zerbitzu publikoen kontrako gurutzadan", "kulturari eta hezkuntzari berriz ere eraso" egin diola-eta, aipatutako kanona bertan behera uzteko eskatzen zuen EH Bilduren mozioak. Abuztuaren 1ean Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako Errege Dekretuaren arabera, 2016tik aurrera 5.000 biztanletik gorako udalerrietan liburutegi publikoek kanona ordaindu beharko diete egile edo editore elkarteei, mailegatutako liburu edo erregistratutako erabiltzaile bakoitzeko.
Bigarren mozioa izan zen pobrezia energetikoaren aurkakoa eta kontsumitzaile ahulak babestearen aldekoa, alderdi sozialistarena. Mozioan eskatzen zaie Jaurlaritzari eta Aldundiari pobrezia energetikoaren kontrako konpromisoa eta larrialdi funts bat eratzea.
Hirugarren mozioa izan zen emakumeen aurkako indarkeriaren kontrakoa, gaurko nazioarteko egunaren harira.
Mozio guztiak aho batez onartuta, galde erreguetan kiroldegiaren gaia atera zuen Aralarrek. Aralarrekoak kexu agertu ziren eurek bilera bat eskatu eta ia hilabete pasata Udal Gobernuaren erantzunik jaso ez dutelako. Alkateak aurpegiratu zien gaiaren gainean egindako azken bileran mahaitik altxa eta gero bilera berria eskatzea.
Hondakinei dagokienez, EAJko Haritz Solupek galdetu zuen Udal Gobernuak ze erantzun emateko asmoa duen 5. edukiontziaren aldeko plataformak egindako herri galdeketa eskariari. Alkateak erantzun zion eguenean direla haiekin batzekoak, baina aurreratu zuen gaur egungo bilketa sistema ez dutela aldatuko, oso emaitza onak eman dituelako.