Karmelo Zubizarreta: "Nire betiko ametsa izan da kanpoan bizi izan nintzen lekuak seme-alabei erakustea"

Imanol Beloki Unamuno 2014ko aza. 25a, 00:00

Zubizarreta, zestarekin eta pilotarekin, etxeko egongelan.

Karmelo Zubizarreta, Eskoriatzako Apotzaga auzoan jaiotakoa (Aretxabaleta, 1950), zesta-punta jokalari ohia da, Zubi II.a bezala ezaguna izan zena bere garaian, eta atzelari moduan jokatzen zuen frontoietako paretak astintzen. Hainbat urtez Euskal Herritik kanpo bizi izan zen, zestalari profesional: Indonesian, Las Vegasen eta Orlandon urte asko eman zituen.

Nola hasi zinen zesta-puntan?

Zesta-puntan hasi aurretik, eskupilotan jokatzen nuen, baina eskua izorratu nuen behin. Hala, garai hartan, Kolonbiatik etorri zen osaba bat, fraide zena, eta hari asko gustatzen zitzaion zesta-punta. Horregatik, hark konbentzituta, 17 urte nituela Markinara joan nintzen zesta-punta ikastera urtebetez. Gero, Zaragozara joan nintzen, eta han, 1969an, Errege Egunean debutatu nuen profesional. 

Nolakoa izan zen zure ibilbidea?

Zaragozan bi urte eta erdi pasa nituen eta soldadutza ere han egin nuen… Ondoren, Indonesiara joan nintzen, 21 urterekin, Jakartara; han bost urte egon nintzen. Giro tropikal ederra zegoen han; gainera, zaletasun handia zegoen, baina 10 urtez izan zuten bertan frontoia zabalik, gero itxi egin zuten. Bost urte Jakartan egon ondoren, kontratu bat egin zidaten AEBetan jokatzeko eta Nevadara joan nintzen, Las Vegasera. Han urtebete pasa ondoren, Orlandora joan nintzen eta han 13 urtez bizi izan nintzen.

Bizitza profesionalean gustukoen zenuen frontoia?

Las Vegasen egon nintzen garaian, MGMko (Metro Golden Mayer) hotelean genuen frontoia eta hotelaren espektakuluaren barruan sartzen ziren zesta-punta partiduak. Han jendea ez doa frontoira, han jendea jai alaira doa [barrez].

Orduan, izarrak izango bazinate bezala, ondo kobratuko zenuten?

Egia esan, ez ginen kexatzen. Bizitzeko lain irabazten genuen, eta, partiduetan show-a muntatzen bazuten ere, ez ginen izarrak… lan bat gehiago zen.

Euskal Herria faltan igartzen zenuen?

Egia esan, denbora luzea pasa dut kanpoan, baina urtean bi edo hiru hilabetez etxera bueltatzen nintzen. Ekain, uztail eta abuztu aldera urtero bueltatzen nintzen, urteren batean edo beste kale egin nuen, baina… Kanpoan egonda, beti igartzen da faltan Euskal Herria, eta gogoz egoten nintzen berriz bueltatzeko. Urte asko kanpoan pasa ondoren, 38 urte nituela bueltatu nintzen eta ezkondu ostean Aretxabaletan gelditu nintzen bizi izaten, zesta-punta alde batera utzita.

Zer dela-eta bueltatu zinen Euskal Herrira, Aretxabaletara?

Adinean aurrera nindoan eta tentsio handia izan nuen garai hartan. Gainera, bueltatu aurretik bolada txarra pasa genuen zestalariok Ameriketan. Etorkizunean lanerako seguritate pixka bat eskatzen genuen, baina hango enpresariak ez zeuden gertu ezer emateko. Azken finean, ez dut uste ezer lortu zenik, ni greba bukatu orduko Euskal Herrian nintzen. 38 urterekin bueltatu nintzen lotailu gurutzatua hautsita, eskuin hankako meniskoa ere ukituta… ez nintzen ondo errekuperatzen. Bi urte egon nintzen lesionatuta, eta, kontratua bukatu barik, kirola uztea erabaki nuen.

Nolakoa zen AEBetan zesta-punta jokalari profesionala izatea?

Zortzi bikotek jokatzen genuen,   eta kinielaka jokatzen zen. Zazpi  tantora jokatzen ziren partiduak, eta, behin buelta bat egin ondoren, bigarren bueltan bikoitza balio zuten tantoek, jokoa azkarragoa izaten zen hala, eta apustu gehiago egiten zituzten zaleek. Hemen ezberdin jokatzen da.

Apustuak nolakoak ziren?

Hango apustu sistemak ez du hemengoarekin zerikusirik, apustuen kontuak oso azkar mugitzen dira han. Aurrez esan bezala, zortzi bikote aritzen ginen eta errotatzen joaten ginen. Apustua egiten duenak kiniela baten lehenengo hirurak zeintzuk izango diren asmatu behar du irabazteko, zaldi lasterketen antzera. Afizio handia zegoen AEBetan?

Garai hartan afizio handia zegoen AEBetan; gaur egun, berriz, galdu egin da. Izan ere, frontoi asko desagertu dira… Orlandon, adibidez, zapatu arratsalde baten 5.000 pertsona inguru sartzen ziren Jai Alain (frontoian). Las Vegasen, aldiz, afizio handiagoa zegoen. Espektakulu gisa hartzen zen kirol hau.

Zer dela-eta Zubi II.a? Besterik bazegoen?

Guztira, hiru Zubizarreta geunden. Nire aurretik Zubi bat zegoen eta beste batek Zarre izenarekin ere jokatzen zuen. Zubizarreta  abizena kamisetan jartzeko izen luzea da eta… Gainera, %90 euskalduna zen bertan, mexikarrak eta AEBetakoak. Horrez gain, kubatarren bat edo beste ere bazegoen.

Bitxikeriaren bat?

Kanpoko kontu asko ditut kontatzeko, baina baita bertakoak ere. Aretxabaletako kiroldegi zaharra inauguratzeko zesta-punta partidua jokatu nuen. Ez naiz ondo gogoratzen zein urtetan izan zen, baina Rementeria-Juaristi/Foruria-Zubi II.a izan zen partidua.

Gabonetan familiarekin batera Miamira eta Orlandora zoaz. Zer dela eta?

Aurten zilarrezko ezteiak ospatu ditugu emazteak eta biok, eta nire betiko ametsa izan da seme-alabek ni bizi izan nintzen lekuak ezagutzea. Hala, Gabonak han pasako ditugu, 20 egun inguru. Han, lagun batzuk bisitatuko ditugu eta leku batzuk ikusi. Ea askorik ez den aldatu… [barrez] Miami Beach, geratzen diren frontoiak eta hango bizitza nola aldatu den ikusiko dugu.

Zer aurkituko duzu han?

Egia esan, frontoi gutxi geratzen dira han, eta ordutik hona asko aldatu da eraikinen azpiegitura… Gainera, bertako frontoiak denboraldika irekitzen dituzte. Gu goazen egunetan itxita egongo dira, seguruenik. Floridan lehen zortzi frontoi zeuden, gaur egun hiru edo lau geratuko dira, baina, bueno, bateren bat seguru ikusiko dugula.

----------

OCALA jai alai FRONTOIAN

Goitik hasita, bigarren lerroan, bederatzigarrena da Karmelo Zubizarreta. Argazkian, duela urte asko AEBetan izan ginen zestalari guztiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak