Jon Sarasua: "Jakintza sorkuntza benetakoagoa dago unibertsitatetik kanpo"

Ander Larrañaga 2014ko aza. 26a, 00:00

Jon Sarasua, Huhezin.

Jon Sarasua (Aretxabaleta, 1966) irakaslea da Huhezin eta azken urteotan hainbat ekarpen egin ditu euskalgintzaren gainean. Bertsolaritzaren munduan aritu izanagatik ere ezaguna da.

Zelakoa da Jon Sarasua?

Neuk baneki… Zertan nabilen esatea errazagoa da. Gauza gehiegi egiten dituen pertsona naiz, eta kimatzeko garaian nago aspalditik, ia betidanik, gauzak kentzen saiatzen, berriak etengabe sortzen diren bitartean. Deshazkundea pertsonatik hasten da. 

Ze harreman duzu sukaldearekin?

Sukaldea gertuko dut, bikotekidearentzat eta semeentzat kozinatu ei dut eta tarteka lagunentzat elkartean. Jatun moduan, sukaldearekiko harremana idilikoa da: dena gustatzen zait, eta ia dena asko.

Zein da zure espezialitatea?

Entsaladak inprobisatzea, inoiz probatu gabekoak, baina bost minutu lehenago prestatzen hasita, une horretan etxean dagoenarekin. Lehengo astean loreak bota zizkidaten lagunek entsaladengatik. Dena dela, sukaldean ez naiz oso espezialista.

Zeinekin gustatuko litzaizuke mahaiaren bueltan eseri?

Ez daukat horrela inor berezirik. Telebista piztu eta askotan egoten naiz pentsatzen agertzen diren zenbat eta zenbat pertsonarekin egona naizen bazkaltzen edo afaltzen. Tokatu zaizkidan urteengatik eta zirkunstantzia bereziengatik, Euskal Herrian ia mundu guztiarekin gurutzatu naizen sentsazioa daukat. Bat bitxia esateagatik, Rajoyren industria ministroa denarekin ere egon nintzen behin afaltzen. Rajoy aipatu dudanez, harekin, akaso? Interesgarria litzateke. Ez dauka meritu makala tipoak.

Zergatik irakasle?

Nahiko karanbolaz. Ikasketak bukatuta lanean inon ez sartzea pentsatu nuen, eta sorkuntzatik bizi izan nintzen dozena bat urtez, nahiko hippy zentzu horretan. Gero, ehiza utzi eta ereiteko garaia zela sentitu nuen eta parean tokatu zitzaidan proposamena. Dena dela, irakasle baino gehiago, erakunde eta adar berriak ereitera dedikatu naiz. Denborarekin, nire burua ezagutzaren arloan ikusten dut, badut gogo hori.

Zure ogibidean, zein miresten duzu?

Tira, unibertsitateak halako aureola bat badauka, baina ez du guztiz merezi daukan fama hori. Oro har, ez da beste mundukoa unibertsitatea gure herrian, benetako jakintza eta ikerketari dagokionez. Jakintza sorkuntza benetakoagoa dago unibertsitatetik kanpo. Kopia eta simulazio asko dago unibertsitatean, kudeaketa, curriculuma eta titulua dira nagusi. Garrantzitsuena da dimentsio askotako jakin-minari eustea, eta zintzotasun intelektuala, eta besteei irakasteko bokazioa. Ezagutu dut horrelako bat edo beste.

Irakasle ez bazina…

Nire arazoa, hain zuzen ere, bokazioen dibergentzia da. Hor daude sortzaile bat, idazle bat, konspiratzaile bat, gidari bat, bidaiari bat… irakasleari zeharka begiratzen haginak zorroztuta, beti gauzak nahasten. 

Zure bizitzako anekdota bat.

Bertso munduan mordoa kontatzen dituzte, baina uste dut apur bat puztuta daudela denborarekin. 

Zer da ezinbestekoa zuretako?

Ikasle izatea, ikasteko grina, etengabe irakurtzen, galdetzen, arlo berriak ikertzen ibiltzea. Informazio enpatxua gaindituz, ezagutzaren hierarkiak eta jatorriak ulertzea apaltasunez, eta egiten duguna zalantzan jartzea ziklikoki. Teorian ezinbestekoa da, baina ez da beti ikusten.

Nora egingo zenuke ospa?

Ameriketako bihotzeko lagunengana. Eta Asiara, eta Afrikara. Baina zeregin batekin, noski, eta kamerarik gabe.

Ze esaldi konpartituko zenuke?

Informazioa, ezagutza eta jakinduria hiru gauza dira. Hirugarrena da garrantzitsuena, baina hor ez naiz ausartzen ezer aholkatzera, hor daude iturriak.

----------

Aukeran

Lehen platera: Entsalada inprobisatu bat. 

Bigarrena: Bakailao freskoa labean. 

Postrea: Sagar-konpota.  

Edatekoa: Urteko Errioxako ardoa eta ura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak