Aretxabaletako laguntza urrutiko herrien garapenerako

Mirari Altube Arrese 2014ko aza. 22a, 08:00

Anakardo landareei begira Balaman, Mozambike.

Bertako mugetatik harantzago begiratu eta milaka kilometrotara dauden herri txikiak laguntzen diharduten gobernuz kanpoko erakunde asko eta asko daude, baita hemen ere. Aretxabaletako Udalak hainbati ematen die laguntza proiektuak dagokien herrialdean aurrera eroateko. Eta herritarrek ere proiektu horien berri izan dezaten, datorren astelehenean, azaroaren 24an, aurkeztu egingo dituzte Arkupen, 18:00etan.

"Iaz hasi ginen aurkezpenokin. Uste dugu oso interesgarria dela herritarrek jakitea batetik, Udalak zeini ematen dion laguntza; eta bestetik, talde horiek zertan dabiltzan lanean", argitu du Myriam Beltran de Herediak, Udaleko Prebentzio teknikariak.

Iaz legez Debagoieneko sei GKEk jaso dute laguntza, horien artean bi aretxabaletarrek: Hiruatx eta Baltistan Fundazioa. Talde bakoitzak 10 minutu izango ditu astelehenean proiektuaren berri emateko; ondoren herritarren galderak erantzungo dituzte eta elkartutakoen artean eztabaidarako tartea zabaldu.

Baltistan eta Hiruatx

Baltistango Hushe bailarako komunitateetan bizi direnen giza garapenean eta bizi kalitatean laguntzeko sortu zen Baltistan Fundazioa 2001ean. "Beharrezko gaitasunak eta azpiegiturak eskaintzea izan da helburua, gizon eta emakumeentzat berdintasunezkoa izango den garapen ekonomikoko eredu propio eta iraunkorra sustatu eta kudea dezaten han bertan", diote fundazioko kideek.

Hiruatx taldeak, ostera, 20 urtetik gora daramatza lanean. Indian (esne bufalen ekoizpena, eskolak…) hasi zuen lehen proiektua, eta gero etorri dira asko: Ekuador (oilategiak, onddoen ekoizpena…); Ekuatore Ginea (nekazaritza proiektuak…); Brasil; eta orain Mozambike. "Balama distrituan nekazaritza sustatu eta elikadura hobetu gura ditugu. Hala, anakardo zuhaitzak landatzeko proiektuan gabiltza Mundukiderekin elkarlanean.Fruitu horiek saldu eta nekazarien bizi baldintzak hobetzea da asmoa", jakinarazi du Iñigo Trueba Hiruatxeko kideak.

Sei taldeak

Hona Aretxabaletako Udalak diruz laguntzen dituen sei taldeak.

Hiruatx

  • Egoitza: Aretxabaleta.
  • Proiektua non: Cabo Delgado (Mozambike).
  • Proiektua: Balama distrituko garapen sozioekonomiko programa, anakardoen ekoizpena.
  • Helburua: Nekazarien bizi baldintzak hobetzeko, era zuzen eta jasangarrian aldaketarako prozesu endogenoan sortzen lagundu.
  • Onuradunak: 126 nekazari (guztira, 271).

Baltistan Fundazioa

  • Egoitza: Aretxabaleta.
  • Proiektua non: Hushe bailara, Baltistan (Pakistan).
  • Proiektua: Emakumeen eta orokorrean bailarako oinarrizko osasun baldintzak hobetzeko jarduerak bultzatzea.
  • Helburua: Emakumeen eta jaioberrien osasun baldintzak hobetzea.
  • Onuradunak: 5.470 emakume eta jaioberriak.

MSH (Mundu Solidarioa Helburu)

  • Egoitza: Arrasate.
  • Proiektua non: Diriamba (Nikaragua).
  • Proiektua: Gaitasun urrituak dituzten gazteen integrazioa lortzea (2000an abian jarrita).
  • Helburua: Gaitasun urrituak dituzten gazteen lan eta gizarte integrazioa babestea eta sustatzea.
  • Onuradunak: 48 nerabe eta heldu.

Ndank Ndank

  • Egoitza: Bergara.
  • Proiektua non: Senegal.
  • Proiektua: Dionwar 02ko eskolako egokitze proiektuaren bosgarren fasea: liburutegiaren eraikuntza.
  • Helburua: Eskolan liburutegia eraikitzea eta egokitzea: liburuak, lanerako materiala eta ordenagailuak.
  • Onuradunak: 321 ikasle, 7 irakasle eta ikasleen gurasoak.

Oscar Romero

  • Egoitza: Bergara.
  • Proiektua non: Tabuka, Ahuachapen departamentua (El Salvador).
  • Proiektua: Ura eta ekosaneamendua, genero ikuspegiarekin, Chagüite zentro komunitatean.
  • Helburua: Baldintza higienikoak eta osasungarritasuna hobetzea, genero ikuspegiarekin.
  • Onuradunak: 2.167 lagun.

Amsogra

  • Egoitza: Arrasate.
  • Proiektua non: Mozonte, Nueva Segovia (Nikaragua).
  • Proiektua: Etxebizitza duinak eta osasuntsuak eraikitzea.
  • Helburua: Coco errekaren hegoaldean bizi diren nekazarien bizimodua hobetzea, batez ere emakumeena.
  • Onuradunak: Familia bat (dagoneko 13 etxe eraikita).

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak