Izan ere, haren esanetan, edonorentzat arrunta dena erronka bihur liteke adimen urriko pertsona batentzat. Hori dela eta, Aretxabaletako etxean bizi direnei, higienean, komunitateko bizitzan, diruaren erabileran eta halakoetan laguntza eskaini behar izaten diete. Bizikidetzaren bidez, "aukera bat" ematen diete, baina, Aretxabaletako etxebizitzako langileek azpimarratu dutenez, eman bakarrik ez, jaso ere egiten dute eurengandik, Saioa Artzamendi begiraleak dioenez, "askotan, eman baino gehiago".
Hain zuzen ere, horixe azpimarratzeko jarri zuen abian Atzegik aurtengo sentsibilizazio kanpaina "Atzegiko kideek bizitzako esparru ezberdinetan egindako ekarpenak zein positiboak diren eta beraiekin erlazionatzea zein aberasgarria den erakutsi nahi dugu", diote.
Kanpainari esker, selfie-z bete dira sare sozialak eta Twitterren, Facebooken eta Instagramen #elkarrion traoladun autoargazkiak daude nonahi. Urte osoan zehar jarraituko dute selfie-ak biltzen, baina Atzegiko teknikari Naroa Artolak esan duenez, dagoeneko "askok" bidali dituzte eurenak, eta "pozik" daude jendearen erantzunarekin. Egungo modaren eta sare sozialen indarra aprobetxatu nahi izan dutela ere azaldu du, elkarteaz kanpoko ahalik eta jende gehienarengana euren mezua helarazteko. Horretarako, argazkiekin batera, kanpainako partaideek adimen urritasuna dutenekiko elkarrekintzatik zer jasotzen duten idazten dute, nork bere erara, baina guztiek "elkarri on" egiten diotela nabarmentzeko.
Gizarteari egiten dizkioten ekarpenen artean, "alaitasuna", "aurrera egiteko gaitasuna", "maitasuna", "adiskidetasuna", "dibertsioa" eta "esker ona" aipatu dituzte, besteak beste.
Harreman estua
Ondo baino hobeto dakite hori Atzegiko etxebizitza zerbitzuko langileek. 30 etxe inguru daude Gipuzkoan, eta Aretxabaletakoa horietako bat da. Bertako langile batzuek duela hamabi urte ireki zenetik egiten dute lan etxebizitzan, adimen urritasuna duten pertsonei "iristen ez diren tokietara iristen" laguntzen. "Azkenean, ezagutu egiten ditugu, eta badakigu bakoitzak ze gaitasun dituen edo ze laguntza behar dituen", dio Artzamendik.
Etxebizitzan bi solairu bereizten dituzte, neskena bata eta mutilena bestea. Zortzina pertsona bizi dira bakoitzean, eta, begiraleez gain, bada etxekoandre deritzon beste langile bana ere. Hura arduratzen da "etxea gobernatzeaz", Eneritz Saltsamendi begiraleak azaldu duenez. Kudeaketaz gain, garbiketa orokorra, otorduak prestatzea, erosketa egitea eta arropak garbitzea ere etxekoandrea-ren ardura izaten dira. Hala ere, Saltsamendiren esanetan, etxekoandrea-ren funtzioetan sartzen ez den arren, eurak dira etxeari "goxotasuna" ematen diotenak. "Bertan bizi zein lan egiten dugunontzat oso garrantzitsuak dira. Nolabait, amaren papera betetzen dute", dio.
Berez bizilagunen talde bat baino ez den arren, begiraleen esanetan "oso ondo moldatzen dira elkarrekin". Denborarekin, gainera, oztopoak oztopo, harremana gero eta estuago bihurtzen da. "Gatazkak ere izaten dira, edozein elkarbizitzatan bezala, baina horretarako gaude gu", diote. Azken batean, ordu asko pasatzen dituzte elkarrekin, eta, Someren esanetan, "bizitza konpartitzen" dute eurekin eta askorentzat "erreferente" bihurtzen dira; hori bai, betiere, mugak non dauden argi izanda.
Bizitzeko aukera
Manuel eta Adelaida Gartzia anai-arrebek hamar urte daramatzate Aretxabaletako Atzegiren etxean bizi izaten eta biek aitortu dute "oso gustura" daudela. Manuel Gartziak Arrasateko Gureak-eko tailerrean egiten du lan, autoentzako konektoreak egiten. "Gustatzen zait egiten dudana, eta tailerrean ere oso giro ona dugu, lagun asko ditut", dio. Adelaida Gartzia, berriz, zaharren egoitzara joaten da egunero lanera eta oso serio hartzen du lana: "Gosaltzera edo paseatzera eramaten ditut. Batzuetan, ez dute nahi izaten, baina berdin berdin eramaten ditut, nire lana da eta!".
Lanean topatzen duten jendearekin hitz egiteko aukera da biek gehien baloratzen dutena, eta, lan egitea Aretxabaletako etxebizitzan bizi izateko bete beharreko derrigorrezko baldintzetako bat bada ere, Saltsamendiren hitzetan, "asko betetzen dituen jarduera" da. "Bizi izateko modu bat da; beste batzuk independizatu garen moduan, haiek ere aukera hori izan dezaten egiten dugu lan", dio begiraleak.
Egunerokoa ilusio
Etxean bizi direnen beharrak eta nahiak aztertuta, pertsona bakoitzari dagozkion helburuak finkatzen dituzte, euren bizi kalitatea hobetzeko asmoz. "Zein amets eta ilusio dituzten entzuten dugu lehenengo, eta ondoren betetzen saiatzen gara", dio Saltsamendik, baina askotan "harrituta" geratzen dira. Izan ere, edonoren errutinan parte den zerbait eurendako ilusioz itxaroten duten zerbait bihur liteke; tabernan, afaritarako, ogitarteko bat jatea, adibidez.
Egun baterako euren ametsetako plana zein den galdetuta, Manuel Gartziak Donostian ikastaro bat egitea edo hondartzara bidaiatzea aipatu ditu eta Adelaida Gartziak, berriz, zineman maitasun pelikula bat ikustea. Bi anai-arreben nahiak entzunda, honela esan du Saltsamendik: "Horrek erakusten du bizitzan garrantzitsuenak diren gauzak zeintzuk diren eta gauzarik sinpleenek zenbat balio duten".
Edozein anai-arrebak bezala, txantxak egiten dizkiote elkarri, baina goxotasunez agurtu dute elkar nor bere etxera itzultzean. Abenduaren 3an Adelaida Gartziak anaiarekin ospatuko du bere 43. urtebetetzea, eta dagoeneko ilusioz beteta daude biak egun handiaren zain, bazkaltzera joateko plana egin dute-eta.
Halako uneak dira begiraleei euren lana hainbeste gustatzearen arrazoietako bat, baina Saltsamendik argi dauka hori baino gehiago dela. "Pertsonen bizitza hobetzen ari zarela ohartzea oso motibagarria da. Gauzak lortzen eta euren bizitza aurrera eramaten laguntzea erronkaz betetako bidea da", dio. Some eta Artzamendi ere bat datoz Saltsamendirekin. "Horrela, gustua ematen du lanera etortzeak", diote.