Arkaitz Ribera: "Euskal ligarako igoera fasea jokatu gurako genuke hamargarren urteurrena borobiltzeko"

Mireia Bikuña 2014ko aza. 13a, 12:00

Arkaitz Ribera, Aretxabaletako areto-futboleko entrenatzailea, entrenamendu bat hasi aurretik.

Aretxabaletako areto-futbol taldeak 10 urte bete ditu. Gipuzkoako Lehenengo Mailan lehiatzen da egun eta taldearen asmoa igoera fasea jokatzeko txartela lortzea da. Arkaitz Riberak (Eskoriatza, 1983) zortzi urte darama taldean: hasierako seiak jokalari moduan eta azken biak entrenatzaile lanetan.

10 urte bete ditu Aretxabaletako areto-futbol taldeak. Nolako bilakaera izan du?

Sei urte egin nituen jokalari moduan eta azken bietan entrenatzaile gisa dihardut. Taldeak izan duen bilakaera itzela izan du. Lagun talde moduan hasi ginen. Jokalarietako baten aita UDAko presidentea zen eta jokatzen hasi ginen. Gipuzkoako Hirugarren Mailan hasi eta urtez urte, esperientzia hartu eta lana gogo handiz eginez, Lehen Mailaraino heldu gara. Taldea lau urte egon zen Hirugarren mailan; Bigarrenean beste bi eta azken laurak Lehen Mailan.

Emaitza aldetik bilakaera handia duda barik. Baina, zenbat lan egin behar izan duzue taldeak biziraun zedin?

Lan handia. Hasieratik jokalariak ibili ginen taldearendako dirua topatzen: babesletzak, errifak eta bufandak saldu… Proiektua hazten zihoala ikusi genuenean, UDAri laguntza eskatu genion eta eskuzabal hartu gintuzten: taldearen inskripzioa, jokalarien fitxak ordaindu, partiduetarako arropak erosi...

UDAk laguntza ematen digu, baina areto-futbolean jokatzeak kostua du guretzat: partiduetarako joan-etorriak gure poltsikotik ordaintzen ditugu, eta Aretxabaletako kiroldegian entrenatzeko bazkide izan behar dugu derrigorrez. Kantxa erreserbatuta izaten dugu, baina bazkide garelako. Dena den, aurrera egingo dugu.

Eta kiroldegian ez bada, ez dago entrenatzeko beste lekurik?

Kiroldegia libre ez dagoenean Almenen entrenatu izan dugu, baina hango kantxak ez ditu Lehenengo Mailan jokatzeko baldintzak betetzen.

Nolakoa da areto-futboleko Gipuzkoako Lehen Maila?

Taldeak bi multzotan sartuko nituzke: esperientzia izan eta ondo entrenatzen duten taldeak, eta ondo pasatzeko elkartzen diren lagun koadrilak. Guk, bietatik daukagula esango nuke: serio eta gogotsu entrenatzen duen lagun talde bat gara.

Ze helburu duzue aurtengorako?

Euskal Ligarako igoera fasea jokatu gurako genuke. Horretarako, lehen lauren artean bukatu beharko dugu liga.

Aldaketa handia dago Lehen Mailatik Euskal Ligara?

Bai: joko aldetik eta arlo ekonomiko aldetik. Igoera lortzen badugu, ondo aztertu beharko dugu. Egun, gertuen jokatzen dugun partidua Tolosan da. Euskal Ligan Bizkaira eta Arabara joan beharko dugu eta horrek gastu ekonomiko handiagoa suposatuko digu.

Zer moduz doa denboraldia?

Oso ondo. Lehenengo lekuan gaude. Bost partidutatik lau irabazi eta bat berdindu dugu. Dena den, denboraldia oso luzea da. 14 talde gara. Hortaz, 26 jardunaldi jokatu beharko ditugu.

Nolako taldea daukazu?

Jokalari gazteak izan arren, esperientzia duen taldea garela esango nuke. Iaz jokalari berri batzuk etorri ziren futboletik. Hutsetik hasi ziren, baina entrenamenduetan gogotsu ibili ostean, aurten maila ona ematen dabiltza. Adin tarte zabaleko jokalariak ditugu. Talde sendoa da.

Zein talde dira igoera fasean egoteko hautagai nagusienak?

Ez ditugu talde guztiak ezagutzen, baina Zaldibi eta Oiartzun aurrean egongo dira.

Aretxabaletarrek badakit areto-futbol taldea dagoela herrian?

Bai, badakite. Etxean jokatzen ditugun partiduetara zaleak joaten dira. Badaude koadrila batzuk ez dutela hutsik egiten.

Teknika ona izatea ezinbestekoa da areto-futbolean jokatzeko?

Baloia ondo jotzea eta ondo kontrolatzea ezinbestekoa da. Fisikoki ondo egotea ere beharrezkoa da. Areto-futbola kirol esplosiboa da. Korrika asko egin behar da etengabe eta indartsu egotea beharrezkoa da. Atezain onak izatea ere oso inportantea da, eta guk bi oso onak ditugu.

----------

Goian, ezkerretik eskuinera: Iker de Teso (presidentea), Xabi Zugasti, Asier Manso, Julen Lozano, Andoni Gomez, Aitor Beloki, Joseba Errasti eta Jon Gurutzeaga. 

Eserita:  Joseba Fraile, Iker Barandiaran, Mikel Vicente, Unai Calzon, Arkaitz Ribera (entrenatzailea), Igor Olalde, Jon Kortazar eta Joseba Church. Argazkian, Adrian Gorostiza eta Igor Etxenagusia falta dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak