Laia: "Ez zaigu axola ikusle bakarra edo ehunka egotea, disfrutatzea da gure helburua"

Jagoba Domingo 2014ko urr. 21a, 00:00

Mikel Cubillo aretxabaletarra Laia taldearekin zuzenean.

Mikel Cubillo aretxabaletarrak abentura berri bati ekin zion duela urtebete inguru Bilbon. Laia taldearekin gitarra-jotzaile lanean dabil Cubillo eta irailean kaleratu zuten Diamanteak EPa;   Bilbo eta Madril artean grabaturiko hiru kantu.

Laia taldeak ibilbide luzea du dagoeneko, eta, errepidean kilometro nahikotxo daramaten arren, indarberrituta dago laukotea, Diamanteak lana ahalik eta txoko gehienetara eramateko prest; tartean, gurera etortzeko gogoz.

Laia ez da talde berria, ezta?

2007an jaio zen Laia, baina gaur egun taldekide original bakarra Juanmi da. Hasi bezain laster BBK Live jaialdian jo zuten Metallica eta Incubus taldeekin, besteak beste, eta Berri Txarrak-ekin ere kontzerturen bat egin zuten. Kontuak kontu, taldekideek beste bide batzuk jarraitzea erabaki zuten; tartean, Eratu; eta Juanmi-k itsasontzian geratzea erabaki zuen. Duela urtebete berriz ere Laia berpiztea pentsatu zuen eta horrela amaitu dut laukotean.

Nola ezagutu zenuten elkar?

Nik Scam taldean jotzen nuen eta duela bi urte inguru Laiarekin batera Arrasateko gaztetxean jo genuen. Horren ostean, harremana mantendu genuen, eta, Bilbon elkartu ginenean, Laiarekin jotzeko proposamena egin zidan. Aurretik beste gitarra-jotzaile bat probatu zuten eta ez ziren guztiz gustura geratu, itxura denez.

Orduan, proba antzeko bat egin zenuen; zelan sentitu zinen?

Egia esan, arraro sentitu nintzen. Nik hasieratik lagun artean jo izan dut. Lokalean sartu eta konfiantza eta konplizitate osoarekin. Nahiko zakarra izan zitekeen arren, ondo joan zen. Musikari profesionala baldin bazara eta kontzertuko dirua kobratzen baduzu,  egoera normala da hori; baina nire kasuan, musika maite dudalako jotzen dut. Beraz, konplizitate hori izateak garrantzia du. Hasieran beldur hori banuen, agian ez nuela ondo bat egingo... Azken finean, nik jotzeko gogoa nuen, baina beldur nintzen. Azken finean, azterketa antzeko bat da ezezagun baten aurrean lehenengoz jotzea, baina nahiko gustura ibili nintzen eta ordutik hona formazio honekin gabiltza.

Formazio berriarekin, baina, hainbat kontzertu eman dituzue dagoeneko.

Bai, Bilbon eta Euskal Herrian jotzeaz gain, Diamanteak grabazioko kantuak aurkezteko bira egin genuen; Burgosen, Torrelavegan, Gijonen eta Bartzelonan izan ginen, besteak beste. Daukagun helburua kontzertuak ematea da, ez zaigu axola ikusle bakarra edo ehunka egotea, eszenara igo eta disfrutatzea da helburua.

Diamanteak diskoa Bilbo eta Madril artean grabatu duzue. 

Bai, base erritmikoa eta gitarra gehienak Bilbon grabatu genituen,  Enkore taldeko gitarristaren estudioan, martxoan. Eta ahotsak eta gitarra konponketa batzuk, berriz, Madrilgo Westline Studios-en.

Zer dela eta?

Instrumentuak grabatzeko, estudio garesti batean soinu hobea izango duen arren, estudio normaltxo batean ondo geratu ohi da. Gainera, kasu honetan, Kemper anplifikadoreekin grabatu genuen. Anplifikadore horiek digitalak dira eta aukera handiak ematen dituzte grabatzeko orduan. Amplitube baten antzeko zerbait da, baina, softwarea izan arren, fisikoa da. Horrez gain, Bilbon bertan grabatzeak arazorik egonez gero segurtasun handiagoa ematen zigun eta ekonomikoki ere ondo irten zitzaigun. Ahotsak grabatzera, ordea, Westline Studios-era joan ginen, Nothink taldeko Juan Blas-en estudiora. Hasieratik giro oso ona sortu zen, eta, ahotsak grabatzeaz gain, gitarra konponketa batzuk grabatu genituen. Juan Blas, teknikari lanak egiteaz gain, Eztarrian kantuan abestera animatu zen; gainera, euskaraz. Gure asmoa Blasek ingelesez abestea zen, baina hasieratik euskaraz abestera animatu zen eta bertan inprobisatu genuen.  Aholku batzuk eman genizkion eta emaitza bandcamp-ean entzun dezakezue.

Izan ere, diskoa fisikoki ez duzue oraindik argitaratu, Interneten baizik.

Bai, bandcamp plataforman argitaratu ditugu hiru kantuak eta deskargatzeko aukera ere badago. Aurrerago formatu fisikoan kaleratzeko lanean gabiltza; hainbat aukera ditugu esku artean, baina ez daukagu presarik. Lehentasuna kontzertuak lotzea da, baina taldekide batzuen konpromisoak direla-eta gutxi barru hasiko gara  zuzenekoekin eta etxetik gertu pasatzea espero dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak