Kiroldegiaren egungo kudeaketa ereduaren alde egin du EAJk

Mirari Altube Arrese 2014ko urr. 8a, 12:05

Bi urte pasatu dira Ibarra kiroldegia zabaldu zenetik eta EAJren Udal taldeak zera jakinarazi gura izan du:

Dagoeneko 2 urte dira Aretxabaletako kiroldegia ireki zela eta UTE Ibarra Kiroldegiak kudeaketa hasi zuenetik. Datuei (2.100 bazkide) eta gogobetetasun inkestei kasu eginez, oso positibotzat baloratzen dugu bertan ematen den zerbitzua.

Emaitza ekonomikoari dagokionez bi urteko ibilbide laburrean %75eko auto-finantziazio maila lortu da, inguruko instalakuntzak %50a lortzera iristen ez diren bitartean. Gainera, UTEak oreka ekonomikoa bilatze aldera proposatutako neurriak aplikatuz gero, auto-finantziazio maila %100era gerturatuko litzateke. Neurrien artean, Udalaren esku dauden bi puntu: batetik, kirol etxearen erabilerarengatik udalaren kirol ekimen publikoek sortarazten duten kostua Udalak beregan hartzea, eta bestetik, uraren prezioa prezio-publikoa izatea. Neurri hauek onargarriak eta zentzuzkoak izateaz gain, oso kirol zerbitzu gutxik lor ditzaketen emaitza ekonomikoa lortuko genuke. Baina datuak onak eta hauek hobetzeko neurriak zentzuzkoak izanik ere, neurriok hartzen ez diren bitartean defizita %25a da eta egoera hau jasangaitza da kirol etxea kudeatzen duen enpresarentzako.

Ostera, Bilduren udal gobernuak entzungor egiten die egoera hau akordioaren bidetik kudeatzeko egin zaizkion eskaerei. Akordioa erraz lortu daitekeela uste dugu, legalki bideragarria da eta gaur egungo proiektuaren jarraipena ahalbidetuko luke. Udal batzorde eta batzarrean ez dugu ezagutzen Udal gobernuaren asmorik gai honen inguruan. Eta ondorioz, ezin dugu ulertu udal gobernuak UTEa kiroldegirik ateratzeko daukan interesa, aukera izan daitekeena arazo bilakatuz.

UTErik gabeko egoera baten kirol etxearen kudeaketarako udalaren proiektuaren informaziorik ez dugunez, udal gobernuak kudeaketa integraletik erdi-publikora aldatzeko aprobetxatuko duen susmoa daukagu. Kudeaketa eredu hau lehen ere baztertu zen, orain daukagun kudeaketa integralarekin alderatuz eraginkortasun baxukoa, kalitate baxuagokoa eta garestiagoa delako.

Udal gobernuari arduraz jokatu dezala eskatzen diogu, aldebakarreko jarrerak alde batera utziz eta egungo ereduari irtenbide adostua emanez UTEarekin batera.

Bukatzeko, gai honetan baztertuta izan duen kirol batzordearen irizpenak hemendik aurrerako erabaki guztietarako kontutan hartzea eskatzen diogu.

Aretxabaletako EAJ-PNV Udal taldea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak