Noiztik datorkizu bertsolaritzarako zaletasuna?
Txikitatik datorkit bertsoetarako zaletasuna. Irratian eta telebistan asko entzuten nituen. Gainera, etxekoek ere gogoko dituzte bertsoak, eta hala hasi nintzen, familian bertsoak entzunda.
Nola ikasten da bertsotan?
Bertsotan eginez ikasten da. Doinuak, errimak, bertsoak idazteak bere garrantzia du maila hobetze aldera. Baina nire ustez, lagun artean eginda ikasten da gehien. Batzuek berezkoa dute, eta, pixka bat landuta, maila handiagoa berehala hartzen dute.
Zer behar da bertsolari ona izateko?
Zer esan nahi duzun garbi izateak du garrantzia. Ideia bat transmititu behar duzunean, ideia nagusia bertsoaren amaierarako uzten da, eta amaiera ona izatean dago gakoa. Lasai egotea ere oso garrantzitsua izaten da.
Irakasle moduan hasi zara aurten; zer moduzko esperientzia izan da?
Proposamena egin zidaten eta asko poztu nintzen. Gaztetxoekin oso ondo konpontzen naiz eta haiei bertsolaritza irakastea eta zaletasuna barneratzea oso garrantzitsua iruditzen zait.
Nola hasi duzue Lekaixoka bertso-eskolan ikasturtea?
Ikasturteari hasiera bikaina eman diogu. Hilaren hasieran Arizmendi eta Kurtzebarri eskolara joan ginen gelaz gela bertso batzuk botaz gaztetxoei bertso eskolara gerturatzeko asmoz. Uste baino harrera hobea izan genuen bertso-eskola irekian, eta oso pozik gaude.
Bertsolariak, bertsozaleak… zein mailatako jendea batzen da bertso-eskolan?
Mota guztietako jendea gerturatzen da. Batez ere, bi motatakoak daude: bat-batean botatzeko arazorik ez dutenak eta besteak, bertsoak idaztea nahiago dutenak. Ordutik, bi klase egin ditugu. Ni nagusiekin egongo naiz eta bost ikasle izango ditut, 14-15 urte bitartekoak. Gero, beste talde bat dago, gaztetxoagoak direnentzat, baina oraindik jende gehiagok izena emango duen itxaropenarekin gaude.
Lehiatzen zara? Txapelketaren batean hartu duzu parte?
Ez naiz lehiatzen, baina hainbat ekintza egin ditugu herrian, eta bat edo beste herritik kanpora. Gabonetan, abenduaren 24an, baserriz baserri joan ginen Aretxabaletan bertso-eskolakoak kantuan, Euskararen Egunean udaletxean saio labur bat egin genuen, triki-poteoak egin izan ditugu… baina lehiatzea oraindik ez zait burutik pasatu ere egin.
Etorkizunean gustatuko litzaizuke txapelketetan lehiatzea?
Asko gustatuko litzaidake lehiaketetan ibiltzea, baina oraindik maila hobea lortu behar dudala uste dut. Gaur egun gazteei eskolak ematearekin nahikoa dut.
Bertsoez gain, beste hainbat afizio dituzu; zeintzuk dira?
Kirola egitea asko gustatzen zait; mendian ibiltzea… baina atletismoa da nire pasioa. Egia esan, atletismoari bertsoei baino denbora luzeagoa eskaintzen diot. Gainera, atletismoa oso ondo datorkit bertsoak botatzean burua argi eta garbi izateko.
Lehiatzen zara atletismoan?
Bai; Arrasaten entrenatzen naiz, eta Irungo Bidasoa taldean ari naiz. Euskal Selekzioan ibili naizenean marka onak lortu ditut, baina ez dut txapelketarik irabazi. Poliki-poliki markak hobetzen joatea da nire asmoa.
Azken bitxikeria moduan: bertsolariak parrandazaletzat hartzen dituzte askok; bertso afarietara joan, jan eta edan… hala da?
Bertsoak egin daitezke parranda barik. [Barre] Baina bertsolari parrandazale asko ere badago.
----------
Pertsonala...
Zure herriko txoko maiteena: Otala Zelai.
Kantu gustukoena: Hertzainak taldearen Aitormena.
Bidaia gustukoena: Pirinioetako edozein herritara.
Bertsolari bat: Igor Elortza.
Bertso gustukoena: Nigarri begian.
Doinu bat: O, baserritxo.
Janari gustukoena: Mahatsa.
Momentu gogoangarri bat: Anaia jaio zen eguna.