Dena den, Aretxabaletako abesbatzakoak ez dira bakarrik izango, kolaboratzaile asko izango baitituzte. Horrela, koruko 38 kideez gain, lau bakarlari, hiru musikari, 30 dantzari eta abesbatzaren zuzendari den Anjel Barandiaran izango dira oholtzan.
Guztien artean emango diote bizia istorioari eta, esaterako, dantza taldekoek foxtrot eta bals erritmoak dituzten musika piezak dantzatuko dituzte, Nuria Fernandez de Arroiabe koreografoaren gidaritzapean.
Barandiaran urtero izan da zuzendari kontzertua egiten hasi zenetik, eta uste du Katiuskaren melodiak jendeari "asko" gustatuko zaizkiola. Sanmigeletan, gainera, "erraza izaten da herritarren parte hartzea lortzea" Barandiaranen ikuspegitik, eta. hain zuzen, horixe bilatzen dute kontzertuarekin "hark guri bezala, guk ere herriari zerbait eman nahi diogulako egiten dugu lan".
Urrian, kontzertuz kontzertu
Domekako kontzerturako buru belarri lanean badabiltza ere, Aretxabaletako abesbatzakoek ez dute aukerarik galdu beste proiektu batzuk abiatzeko. Santa Teresa Jesusenaren V. mendeurreneko ospakizunen baitan, bi kontzertu egingo dituzte. Bata, urriaren 12an Donostian, eta bestea Gasteizen, hilaren 14an. 19an, berriz, Loiolan izango dira.