Igor Arenatza zelakoa da?
Ilusio handiarekin bizi den pertsona, beti gauzak ondo egin nahian; behintzat, futbolean.
Ze harreman duzu sukaldearekin?
Uf… ontziak garbitzea tokatzen zait niri.
Zein da zure espezialitatea?
Espagetiak carbonara erara nahiko txukun egiten ditut, baina beste batzuek esan beharko lukete.
Zertara gonbidatuko zenuke lagun on bat?
Elkarrekin egotera: buelta bat eman, bazkaldu…
Eta etsai bat gonbidatuko zenuke?
Bai, kontuak konpontzeko.
Zeinekin gustatuko litzaizuke mahaiaren bueltan eseri?
Gertukoekin: Aretxabaletako lagunekin, futbolean ezagututakoekin… Disfrutatu egiten dut horiekin; asko, gainera.
UDAko Andoni Zubizarreta zara?
Bai, antzeko lana egiten dugu: entrenatzailea topatu, taldeak osatu…
Zer eman dizu futbol jokalari profesional izateak?
Asko erakutsi dit: esfortzua, sakrifizioa, konpromisoa, talde-lana… Eta Eibar moduko talde apalean egon ahal izatea.
Futbol jokalari ala kirol zuzendari?
Jokalari nintzela asko disfrutatu nuen, eta orain, kirol zuzendari ere bai. Garai bakoitzari dagokiona.
Messi direla uste duten umeei zelan esan futbolean ez dutela etorkizunik?
Hori da lanbide honetan zailena. Nik gurako nuke guztiek izatea jokatzeko aukera, baina… Futbolean ezin badu, behintzat, beste kirol batzuetan jarduteko aukera izan dezala.
Eta etxean Messi dutela uste duten gurasoei zer esan?
Umeari utzi egin behar diogula bere bidea egiten. Ikusi besterik ez dago zenbat ume hasten diren eta zenbat iristen diren profesional mailara, Aretxabaletan bakarra daukagu orain.
Gaur egungo futbolean inor miresten duzu?
Topikoa da, igual, baina uste dut Guardiolak zerbait aldatu duela.
Eta zer ez duzu gustuko?
Umeen, gurasoen eta entrenatzaileen ikuspegiak sarritan ez datozela bat.
Eskua Proiektua jarri zenuen abian UDAn, errespetua ardatz hartuta; horrek badu lekurik futbol profesionalean?
Baietz esango nuke. Reala ere badabil lantzen ikastetxeekin, gurasoekin… Futbolaria, pertsona integral hartuta.
Luzaroan ikusiko dugu Eibar lehenengo mailan?
Hori espero eta desio dut. Oraindik ere Eibarko beteranoekin futbolean jokatzen ditut partiduak, eta oso barruan dut. Zaila izango du, baina Gaizka ezagututa uste dut urte ona egin dezakeela.
Iratxoek hiru desio betetzeko aukera eman dizute.
Osasuna, ingurukoen gertutasuna eta poztasuna.
Damu zara…
Beste era batera egingo nituzkeela kontu batzuk bai, baina damurik ez.
Ezer errepikatuko zenuke?
Bai, gehiena, egin dudan guztia barru-barrutik atera zaidalako.
Zerk beldurtzen zaitu?
Erronkak datozen moduan hartzen ditut eta aurrera.
Etxera iritsi, sofan eseri eta…
Ez dut sofarako asti handirik. Ezohiko ordutegia dut eta etxera iritsitakoan emaztearekin afaltzea dut gustuko, denbora tarte hori geuretako hartzeko.
Nora joango zinateke gustura?
Granadako kostaldean dagoen Salobreña herrira. Motrilen jokatu nuenean etxea erosi nuen, eta gustura egoten naiz han; erabat deskonektatu eta pilak kargatzen ditut.
Ze aholku konpartituko zenuke?
Umeei sarri esaten diet: Ez egin besteei zuri egiterik gurako ez zenuketena.
----------
Aukeran...
Lehen platera: Patata-entsalada.
Bigarrena: Arraina; erreboiloa (rodaballoa), esaterako.
Postrea: Txokolatezko edozein.
Edatekoa: Errioxako ardo ondua.