Unai Mendikute: "Txirrindularitzan sakrifizioa oso handia da; asko ikasten da, eta bizitzaren kontuez ere bai"

Ane Elordi 2014ko abu. 17a, 00:00
Unai Mendikute, Zirauna Infisport taldeko maillotarekin.

Unai Mendikute musikaria eta txirrindularia da; zorionez, edozein gazteren afizioak bere egunerokotasunaren parte ditu. Musika izan nahi du ogibide, eta Musikenen ikasketak amaitzear dago; akordeoia du bidelagun. Bestalde, bizikletari lotuta igarotzen du aisialdia; egun, Zirauna taldeko partaide da 24 urteko aretxabaletarra.

Zerk bultzatuta diharduzu txirrindularitza talde baten?

Betidanik gustatu izan zait kirola egitea; bizikletan edota mendian ibiltzea, esaterako. Mendiko bizikletarekin zaletu nintzen lehendabizi, eta ondoren errepidekoa erosi nuen. Pixkanaka, gero eta gehiago gustatzen hasi zitzaidan; Kanpanzar taldean hasi nintzen. Urtebete pasatxo egin nuen han, eta gero, Zirauna taldeko partaide egin nintzen, lehiatzen hasi eta lasterketak egiten.

Bizikletan, afizionatu mailan diharduzu; nolakoa da zure egunerokotasuna?

Ziraunan exigentzia maila Kanpanzar taldean baino handiagoa da, aste normal baten sei edo zazpi egun egin ditzaket bizikletan. Zaindu ere gehiago zaindu behar da; lehen, desberdin ikusten nuen bizikletak eskatzen duen dedikazio maila. Asko ikasten da, bizitzaren kontuez ere bai; txirrindularitzan sakrifizioa oso handia da. Argi daukat zaletasuna dela txirrindularitza, nahiz eta ahalik eta ondoen egin, jakinda beti nondik natorren, musika eta akordeoi mundutik.

Txirrindularitza etorkizunean ogibide izatea baztertzen duzu?

24 urte ditut dagoeneko, eta badakit profesionala izatea oso zaila dela, eta, goi mailako musika ikasketak bukatuta, nire bidea hori izango da. Oso zaila da txirrindularitzatik bizi izatea; ahalik eta ondoen egitea da nire lana. Musika eta kirola bateratzea zaila... prestaketa lanak egiteko nola konpontzen zara?

Karrerako hasierako hiru urteetan Donostian bizi izan naiz, eta gero Aretxabaletan, joan eta etorrian nenbilen; goizez eskolak, eta arratsaldean bizikletarekin entrenatzera, beti saiatzen nintzen tarte bat ateratzen, nahiz eta batzuetan ezin nuen. Bestalde, Gasteizen urtean bi kontzentrazio handi egin ditugu, eta, gainontzean, nor bere aldetik ibili da entrenatzen. Hemen, bailarako hainbat afizionatu batera irteten gara, talde desberdinetan ibili arren.

Nolatan hasi zinen akordeoia jotzen?

Txikitan hasi nintzen, 5 edo 6 urterekin. Juan Jose Orobengoa izan nuen irakasle, eta gustatu egiten zitzaidan jotzea; poliki-poliki, gero eta gehiago gustatzen hasten da. Gero, Aretxabaletako Akordeoi Orkestran sartu nintzen, eta egun, herriko umeen irakaslea naiz, akordeoia jotzen erakusten dut. 

Musika eta kirola bateratura, uda aldean oporrak izateko aukerarik baduzu?

Ez dago oporrik. Akordeoia ikasi egin behar dut, irailean ikasketak bukatzeko azken azterketa daukadalako. Bizikleta sasoia da uda, sei karrera ditut abuztuan, eta uztail bukaera arte ere beste zenbait lasterketa izango ditut. Beraz, horietarako prestaketa lanak ere egin beharra dago.

Etorkizunari begira zeintzuk dira zure egitasmo edo erronkak?

Orain, akordeoi irakasle lanetan nabil, eta presio txikia daukat ikasketak bukatzeko. Behin titulua esku artean izanda pentsatuko dut ze bide hartu: kolaborazioak egin, tokiren baten edo talderen batekin jo, akordeoi txapelketaren baten parte hartu, kanpora joan edo eskolak eman. Erronka txiki bat badut: lehiaketa batera ondo prestatuta joan eta postu onean geratzea. Bestalde, txirrindularitzari dagokionez, zaletasuna da eta izaten jarraituko du. Oraindik bi edo hiru urte baditut horretaz disfrutatzeko, eta hori egingo dut. Profesionala izatea zaila da, gaztetatik gainontzekoak baino hobea izan behar duzu eta aukerak murritzak dira, baina afizionatutan pozik jarraituko dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak