Domeka goizaldean, 05:00ak inguruan, izan zen gertaera Ertzaintzak esan duenez. Gizonezko bati eraso egin zion ustez horren ilobak, etxean bertan, eta zauri larriak egin. Erasotzailea atarte berean bizi da, azpiko pisuan, eta Ertzaintzak jakinarazi du balkoitik igo zela osabaren etxera eta leihoko kristala hautsita sartu barrura. Metalezko objektuarekin jo zuen orduan buruan.
Erasotzaileak alde egin zuenean zaurituak berak dei egin zuen Larrialdietara, eta Ertzaintzako kideak iritsitakoan Gasteizko Santiago Ospitalera bideratu zuten. Zainketa intentsiboetako unitatean dago ingresatuta.
Ertzaintzak jakinarazi du bi etxebizitzak miatu zituela ondoren, eta ustez erasoa egin duenaren etxean topatu zuten odol arrastoak zituen metalezko haga. Bien bitartean susmagarriaren bila hasi ziren, eta domekan, bertan, 11:00ak aldera Urkulu urtegi inguruan, haren jabetzako 4x4 ibilgailua topatu zuten iraulita.
Egun guztian ustezko erasotzailearen bila jardun ondoren gauerdian atxilotu dutela jakinarazi dute, Aretxabaletako Larrino auzoko elizpean, hain zuzen ere.
Ustezko erasotzailea aurretik ere atxilotuta egondakoa dela lapurretagatik gaineratu dute. Orain polizia etxean daukate, epailearen aurrera eroateko zain.