Non hasi zen abentura?
Duela bi urte inguru hasi zen.Urrezko Pua lehiaketara aurkeztu nintzen bi helbururekin: batetik, nire burua ezagutzera emateko; eta bestetik, eta garrantzitsuena, talde bat sortzeko jendea bilatzeko. Hasieran, bakarrik aurkeztu nintzen, baina antolatzaileek talde batekin aurkeztu behar nuela esan zidaten eta orduan laguntza eskatu nuen. Momentu hartan sortu zen taldea; hasieran, ni [Patxi Luque], Xuster baterian, Txarra baxuan eta Murray gitarran ginen; azken horrek taldea utzi behar izan zuen eta ordutik hirukote gara. Esan bezala, lehiaketara aurkeztea taldea sortzeko aitzakia izan zen, eta helburua; lehiaketak bere baitan ez zidan axola, talde bat egin eta lan egiteko gogoa eta ilusioa zuen jendea ezagutzea zen, eta helburua lortu nuen.
Orduan sortu zen taldea.
2013ko otsailean hasi ginen talde bezala. Lokaleko egokitze lanak egin genituen eta gure kantuetan lanean hasi ginen; izan ere, zuzenekoetan bertsio bakarra jotzen dugu, Gary Moorerena. Izatez bederatzi kantu propio ditugu, diskoan lau kaleratu arren.
Zer dela eta?
Hasierako asmoa aurkezpen txartel bat egitea zen, maketa bat. Hala ere, orain EP edo disko deitzen diogu, hasieran espero genuena baino emaitza askoz ere hobea lortu dugulako. Produkzioa nahiko landu dugu eta diskoa entzuterakoan nabari dela uste dugu. Lau kantu bakarrik grabatzeko beste arrazoi bat dirua izan da. Gure kabuz egin dugu dena; beraz, dirua gure poltsikoetatik irten da; guregatik balitz, kantu guztiak grabatuko genituen, baina... Gure ustez, taldearen erregistroak argi islatzen ditu lanak. Izan ere, koordenada jakin batzuetan mugitzen bagara ere, estiloetan nahiko eklektikoak garela uste dugu.
Kitarshokak-en grabatu duzue.
Bai; Eibarrera jo genuen. Gainera, estudioa estreinatu genuela uste dugu. Aitor Sologaistoa izan da teknikaria, lagun bati esker ezagutu genuen; egia esan, pertsona oso zorrotza eta metodikoa da, emaitzan zeresana izan du. Grabazioa, baina, odisea hutsa izan da. Azaroan hasi eta martxora arte ezin izan genuen amaitu. Osasun arazoak izan genituen; Txarra-k lunbalgia dela-eta bajan eman zituen hilabete pare bat, Xuster-ek eztarrian arazoak izan zituen eta teknikaria ere gaixo egon zen. Gure asmoa astebetean grabatzea zen; hala ere, dena okertu zitzaigun eta prozesua luzatu egin zen. Hurrengorako ikasbidea badakigu, estudiora erretirora bezala joango gara, buru-belarri diskoan lanera. Oso zaila da lana, familia eta grabazioa aldi berean bateratzea.
Bertako materialarekin grabatu duzue, gainera.
Bai; nik neuk hainbat gitarra, anplifikadore eta pedal probatu nituen; esaterako, PRS, Fender eta Gibson gitarrak; Marshall 800, Crate eta Mesa Boogie anplifikadoreak eta hainbat overdrive pedal. Nik, [Xuster] Yamaha custom bateriarekin grabatu nuen, baina hurrengoan nirearekin grabatuko dudala argi dut. Kontua da entseguak klaketa barik egiten genituela, eta estudioan klaketarekin nahiko txarto pasatu nuen; ordutik hona, klaketarekin entseatzen dugu!
Beraz, emaitzarekin pozik... orain diskoa aurkeztera.
Joan den asteburukoaz gain, uztailaren 18an Antzuolan izango gara eta 25ean Soraluzen; etxean. Kontzertu hori oso berezia izango da guretzako; izan ere, Xuster-ek eta biok [Luque] oraindik ez dugu etxean jo eta zirrara berezia sortzen digu kontzertu horrek. Diskoak ere bertan jarriko ditugu salgai; hala ere, taberna batzuetan jarri ditugu salgai dagoeneko; esaterako, Oñatiko Aker, Aretxabaletako Izotz edo Arrasateko Ederra tabernetan.
Eta izena nondik dator?
Izatez, tiks ingelesez parasito odol-xurgatzaile esan nahi du. PoLi-tiCks izenaren baitan hainbat gauza daude; esaterako, Patxi Luque PLC bezala aurkezten da eta maiuskulak horren harira datoz. Poli-Tiks hitza, gainera, AEBetan politikari ustelak izendatzeko erabiltzen da. Hainbat gauza batzen ditu izenak.