Kirolari eskainitako jaia lehenengoz antolatu dute gurean eta UDA izan da burutazioa izan duena eta sustatzaile nagusia: "UDA barruko sail desberdinen denboraldi amaierako jaia egitea zapatu batean pentsatu genuen. Baina herriko beste elkarteekin eguneroko harremana daukagu, eta batzuekin eta besteekin komentatuz, deialdia zabaldu eta erantzuna izan da mundiala", argitu du Adrian Merino presidenteak. Hala, herriko elkarte ezberdinek egin dute bat jaiarekin; batzuk kirol taldeak: Murrukixo mendizale elkartea, Zaraia mendizale taldea, Trialsin taldea, Boulder taldea, Aresko saskibaloi taldea eta Desoreka judo kluba. Eta beste batzuk kirolarekin zerikusirik izan ez arren herrigintzan zeresan handia dutenak: Aretxarte merkatarien elkartea, Basotxo erretiratuen elkartea, Presoen aldeko lagunak, Loramendi elkartea eta Lekaixoka bertso eskola. Eta zelan ez UDA barruko sailek ere hartu dute parte: Karate taldea, Gimnastika erritmikoa, Txirrindularitza, Atletismo taldea eta Pilota taldea.
Gaurko jaiak iraun bitartean Aretxarteko tabernariek pintxoak eta edatekoa eskainiko dituzte eguerdi partean, kirol batean oinarrituta. Eta kirol horretan jokatu ahal izango dute herritarrek, gainera.
Zapatuko egitaraua
Hona zapatuko egitaraua:
- 08:00, plazan Mendi bizikleta irteera.
- 10:30, Basotxo aurrean Doke txapelketa.
- 11:00, Iturrigorrin Pilota, pala eta frontenis txapelketak.
- 11:00, Durana kalean Haurrendako lasterketak.
- 12:00, Durana kalean Boulder erakustaldia.
- 12:00, plazan Judo erakustaldia.
- 12:30, plazan Karate erakustaldia.
- 13:00, plazan Bertso saioa.
- 16:00, plazan Mahai-joko, briska eta mus txapelketak.
- 16:00, Iturrigorrin Cricket erakustaldia.
- 16:30, plazan Trialsin erakustaldia.
- 17:00, Arlutzen Saskibaloi topaketak.
- 19:00, Urbaltzen Zozketa.
Ekainak 15
- 07:00, plazan Mendi martxa.
Mendi martxa, Kurtzebarri aldera
Domekan egingo du Murrukixo mendizale elkarteak VIII. mendi martxa. 26 kilometroko ibilaldia da, 800 metro pasatxoko igoerarekin. Hona ibilbidea: Herriko Plazatik Areantza auzora eta handik gora Kurtzebarri albotik Degurixara (tartean, mokadutxoa) eta Leixargaratera, (mokadutxoa) handik beheranzko bidea hartzeko. Mendian ibiltzera ohituta daudenek samur egingo dutela diote antolatzaileek.
Herriko Plazan izango da irteera, 07:00etan, eta aurretik izena eman daiteke.