Nagore Balantzategi: "Zalditegi zentro bat irekitzea da gaur egun, behintzat, nire ametsik handiena"

Jon Moñux 2014ko eka. 1a, 00:00

Nagore Balantzategi, zaldian ibiltzeko materialarekin.
Nagore Balantzategi aretxabaletarra da eta 15 urte ditu. DBHko hirugarren maila egiten dihardu herriko Kurtzebarri eskolan. Asteburu gehienetan, eskola amaitzean, neska honek ia ordu beteko bidaia egiten du Arabako Gaubea herrira joateko. Bertan dago bere afiziorik handiena bilakatu den Gaubeako zalditegia. Hiru urte daramatza Arabako hipika zentroan ikasten.

Noiz jarri zinen lehen aldiz zaldi baten gainean?

5 urte nituela, gutxi gorabehera, jarri nintzen lehenengoz zaldi baten gainean, baina orain dela hiru urte hasi nintzen serioago zaldian ibiltzen, 12 urte nituela; Arabako Gaubea herriko Gaubea Ecuestre zentroan hasi nintzen. Gaur egun bertara joaten jarraitzen dut.

Nola hasi zinen hipika zentroan?

Familiakoak Gaubeako kanpin batera joan gara betidanik. Bertan geundela jakin nuen hipika zentro bat ireki zutela. Hura bilatzen saiatu ginen, baina ez genuen aurkitu. Aretxabaletara etortzean, baina, nire lagun batek Gaubea Ecuestre zalditegi horretan egon zela esan zidan, eta gurasoei bertara joateko behin eta berriz eskatuz hasi nintzen.

Zenbatean behin joaten zara Gaubeako zalditegira?

Ahal dudan guztietan. Normalean, ahal badut eta azterketarik ez badaukat, astebururo joaten naiz. Egubakoitzetan irteten gara, gehienetan, eta domeketan itzultzen gara Aretxabaletara.

Eta ez dizu nagitasunik ematen astebururo bidaia egiteak?

Inolaz ere. Egubakoitzetan, eskola bukatu eta berehala prestatzen dut Gaubeara joateko maleta. Irrikitan egoten naiz zaldiekin egoteko. Nahiago dut hara joan, hemen edozer plan egin baino. Zaldietara lotuta nago erabat.

Zenbat entrenatzen zara?

Zapatu eta domeketan ordubetez edo bi orduz ibiltzen gara zaldian irakaslearekin. Joan den zapatuan, baina, goizetik iluntzera arte egon nintzen zalditegian. Hala ere, orain egiten dudana ez da entrenatzea, esan daiteke etapa hori pasatu nuela. Hirugarren galopea izeneko maila daukat, beraz, zaldian ibiltzen badakit. Orain, Laugarren galopea ateratzekotan nabil.

Zaldi propioa daukazu, gainera.

Bai, hala da. Nik orain nire zaldia daukat, Tanke izenekoa. Batzuetan, hala ere, zaldiz aldatzen dut, besteak probatzeko edo nirea beste batzuei uzteko. Nire zaldia daukadanez, edozein momentutan joan naiteke zalditegira zaldian ibiltzera edo Tanke-rekin egotera. Nahikoa da animaliaren apopilotza ordaintzea.

Nola sentitzen zara zaldi gainean zaudenean?

Zaldiarekin nagoenean nire munduan sartzen naiz erabat. Berdin zait ingurukoak, animaliarekin sartzen naiz harremanean erabat. Gainera, bion arteko harremana oso estua da, biok egoten gara bata bestea ikusteko irrikan. Zalditegian nagoela ohartzen bada, beti ateratzen du burua atetik.

Datorren urtean irakasle izateko titulua atera nahi duzu.

Bai, hala da. Laugarren galopea lortzen dudanean, irakasle izateko agiri bat lortu nahiko nuke. Titulu hori lortzeko ikastaro bat egin behar da. Uste dut bi urtekoa dela ikastaro hori. Bertan erakusten dute zaldian ibiltzeko klaseak nola eman behar diren. Eta galope mailak lortzeko bezala, zati praktikoa eta teorikoa egongo dira: zaldian nola ibili, nola zaindu behar diren animaliak, zaldiaren anatomia… Denetarik.

Etorkizunean zaldiekin lan egitea gustatuko litzaizuke?

Bai, argi eta garbi. Hasiera batean, profesionalki ez bada ere, lagun bati erakustea edo lagunekin mendi bueltak egitea gustatuko litzaidake. Zaldi lasterketa batean proba egitea ere interesgarria izan daiteke. Aurrera begira, berriz, zaldian ibiltzen erakutsi nahiko nuke profesionalki. Hala ere, zalditegi zentro bat irekitzea da gaur egun, behintzat, nire ametsik handiena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak