Ogibideak eraman zuen Oiona, Arabako Errioxara, eta Oionek bertsora hurbilarazi: eta hara non, Txapelketa Nagusiko epaile ere izan da aretxabaletar hau: zientziak, letrak, artea...
Han bizitza antolatu samar eduki arren, Oion utzi eta itzuli zinen Aretxabaletara. Zer moduzko esperientzia izan zen hangoa?
Oso esperientzia ona izan zen. Oion Logroñotik lau kilometrora dago, eta, euskarari dagokionez, edo, bestela ere, gure bizitzan ditugun erreferentzia guztiak oso desberdinak dira han. Euskara aldetik lan pila bat dago han egiteko, eta hara iristen denak badaki egin behar duela. Baina zortzi urte egin nituen, eta ni ez naiz hangoa, ni hemengoa naiz. Momentu baten aukera izan nuen Gasteizera joateko, eta proba egin nuen, bizi Aretxabaletan egiteko helburuarekin. Oionera iritsi nintzen 28 urterekin, baina 36 nituen, eta hasten zara pentsatzen: "Nik non bizi nahi dut?". 28-30 urterekin edozein lekutan, baina gero...
Asko egiteko, baina motibagarria ere behar du Oion bezalako leku batean euskalgintzan jarduteak.
Arabako Errioxako ikastolen sare bat ari ziren muntatzen garai hartan; euskaltegia ere badago. Ttiki-ttaka euskara elkarteari indarra ematen ere orduantxe hasi ginen: literatura lehiaketa antolatzen, Mintzalagun antolatu genuen Oionen eta Bastidan... aberasgarria da zentzu horretan. Mintzalagun antolatu eta 44 pertsonak izena eman, eta Aretxabaletaren erdia da Oion. Jendeak bazuen gogoa gauzak egiteko, eta hori apur bat kanalizatzen hasi ginen eta...
Bertso-eskola ere badute Oionen.
Bertso-eskola ere orduan sortu zen. Kuadrilla arteko bertso txapelketa antolatu zen Araban, eta hori dela-eta pentsatu zen Arabako Errioxan ere sortu behar zela talde bat, eta apuntatu ginen. Batzuk bertsotarako, eta bertsotarako balio ez dugunok gai-jartzaile, epaile edo... eta niri epaile tokatu zitzaidan.
Eta Txapelketa Nagusiko epaile izatera arte...
Araban jendea behar da denerako, euskara kontuetan-eta. Oionen hasi nintzen, eta hor jarraitzen dut; urtero dago txapelketa edo kuadrilla artekoa, eta bai, oraingoan sari bat moduan izan da Txapelketa Nagusian egotea, lehenengo kanporaketetan.
Arabakotik Nagusira, beste ardura bat sentituko da, ezta?
Bai. Jende kopurua, eta... Beldurra, "ondo egingo ote dut, ez ote dut egingo"... Formazio saioak ere izan genituen, zortzi bat, eta ikusten duzu zure puntuazioak besteen antzerakoak direla eta, alde horretatik, lasaiago, baina 1.000 lagun publikoan, eta bertsolariak Igor Elortza... Beste jende bat da.
Gustatuko litzaizuke final batean, 14.000 lagunekin, epaile izatea?
Ez dakit ba nik e! [Barreak] Lau urtean behin denez, ez dakit lau urte barru honetan egongo naizen, baina bueno, suertatzen bada, suertatzen da.
Marrazteko zaletasuna txikitatik izan duzu?
Txikitatik izan dut erraztasuna marrazkiak egiteko. Bere garaian aukera eman zidaten Aretxagazeta-n, eta animatu egin nintzen, eta gustura ibili nintzen. Baina lanean-eta serioago hasten zarenetik, zaletasun horietarako denbora laburragoa izaten da: Araba Euskaraz-etarako irudiak-eta egin izan ditut, baina gutxi.
Eta sormen edo erraztasun hori ikusita, ez zenuen pentsatu ikasketak hortik bideratzea?
Aukeraketa egin behar zenean, lehenengoa Biologia jarri nuen eta bigarrena Arte Ederrak. Biologia aukeratu nuen, eta ez naiz damutu.
Eta biologian jarduteko era desberdinen artean irakaskuntza aukeratu zenuen. Gustura?
Bai. Hasi nintzen momentutik gustatu zitzaidan. Egia esan, ez nuen espero; bosgarren mailan nengoenean esaten nuen: "Ni irakasle? Bai zera!". Baina hasi nintzen, eta gustatu zitzaidan. Gainera, zientziak aurrera egiten du; aspaldian teknologia berriekin-eta ere hasi gara, eta horretara moldatzen ere jakin behar da, gauzak Interneten begiratu... Irakaskuntza ere poliki-poliki aldatzen doa.