Asier Galiano: "Go Bang! sortu genuen kalitatezko elektronika jaiak egiteko gurean"

Jagoba Domingo 2014ko mai. 20a, 00:00

Asier Galiano, Aretxabaletako gaztetxean lanean.
Musika elektronikoan aspalditxo murgildu zen Asier Galiano aretxabaletarra, eta gaur egun, disko-jartzaile bezala ibiltzeaz gain, Go Bang! sustatzailearen parte da. Elektronikak buelta asko eman dituela esan du Galianok, eta, horren inguruan jakin-minez, Aretxabaletako gordelekuan egon gara harekin.

Bi urte pasatu dira azken elkarrizketatik; zer aldatu da?

Bi urte hauetan musika asko entzun dut, eta musika sakonagorantz egin dudala uste dut. Elektronikaren industria aldatu egin da, eta, gustuko dudan musika oinarri hartuta, beste korronte batzuekin bat egin dut. Musika berri asko dago entzuteko, baina, askotan, atzera begiratzea gustatzen zait eta duela urte batzuk entzuten nuenaz berriz ere disfrutatu. Hiru urtean asko aldatu da musika elektronikoa, estilo ezberdinak gerturatu egin dira eta, nolabait, bat egin dute. Hasierako techno, house edo disko estiloak gaur egun eskutik doaz, kasu askotan. Rock musikarekin gertatu den gauza bera gertatu da elektronikarekin; lehen, hobeto definitzen ziren estiloak. Hastapenetan dena berria zen eta sorkuntza handia zegoen; egun, berriz, influentzia asko daude eta pixkanaka batu egin dira. Nork bere influentziak ditu, eta oinarri horietatik musika sortzen da.

Rock-and-roll talde baten egoteak eragina izan du gaur egun egiten duzun musikan?

Bai, entzuten duzun minutu bakoitzak izan dezake zuregan eragina. Musika betidanik barruan sentitu dudan zerbait izan da eta rock talde baten ibili izanak, nire liburutegia handiagoa izanda, eragina izan du. Ikertzen denbora luzea eman dut; azken finean, gustuko kantuak gustuko kantuak dira, estiloetatik haratago dagoen zerbait da. Pink Floyd eta Queenen kantuak elektronikarekin nahastu izan ditut. Queen taldearen kasuan, Another one bites the dust nahastu izan dut saioren batean. Adibidez, saio baten hasieran disko zaharrarekin nahas daiteke; betiere, publikoaren arabera. Oso garrantzitsua da aurrean duzun publikoarekin konektatzen saiatzea. Musika ezberdina izan arren, beti dago lotura. Led Zeppelinen Trampled Under Foot ere nahastu izan dut, ez goizeko lauretan, baina saioen hasieran aproposa izan daiteke. Ez da berdina 23:00etan diskoak jartzea edo 04:00etan. Esan bezala, oso garrantzitsua da aurrean daudenekin konektatzea; azkenaldian ikasi dudan gauza baliotsuenetakoa da hori.

Izan ere, Go Bang!-ekin hainbat DJ entzutetsu ekarri dituzue.

Go Bang! duela urtebete sortu genuen Kasperrek eta biok. 2013ko martxoan egin genuen lehenengo saioa eta helburua da gurera kalitatezko elektronika ekartzea. Azkenaldian jaiak egiten ziren arren, beti DJ berek hartzen zuten parte, eta kalitate aldetik bazegoela zer hobetu uste genuen. Hori aldatzen saiatzeko hasi ginen Go Bang! proiektuarekin, nolabait ere gazteak mundu horretara erakartzeko eta barruan daudenak kalitatezko saioez goza dezaten. Kasualitatez hasi ginen; lehenengoa urtebetetze festa baterako antolatu genuen, eta dagoeneko hamabi egin ditugu.

Azkenerako, gainera, zure artista gogokoenetako bat ekartzea lortu zenuten.

Bai; maiatzaren 10ean Marcus Worgull ekartzea lortu genuen. Kasperrek, Gasteizen bizi den disko-jartzaile madrildarrak, kontaktu asko ditu. Bi diskoetxetaz arduratzen da eta lehenengo mailako musikariekin harreman zuzena dauka. Aipatzekotan, Marcus Worgullez gain, Laura Jones ere bi aldiz ekarri dugu. Jones ere mundu mailan ezaguna da, eta jai hauek antolatzearen alde onenetakoa da DJ famatuak izan arren jende normala dela ikustea. Asteburua haiekin ematen duzu, nola lan egiten duten ikasten duzu... nahasketak nola egin, musika nola aukeratu edo publikoaren aurrean nola erantzun. Mundu osoan lanean dauden artistak etorri dira gurera, eta gehienek zera galdetzen dute: zein jende mota agertuko den; izan ere, adibidez, aurreko gauean Londresen egon dira, eta hemengo publikoa nolakoa den jakin nahi dute. Pertsonalki asko ikasi dut.

Noizko hurrengoa?

Bergarako jaietan egingo dugu, ekainaren 6an, Tartufon. Franco Cinelli argentinarra etorriko da. Cinellik Europan bira egingo du datozen hilabeteotan, eta, Sonar jaialdian egongo dela aprobetxatuz, Bergarara ekarriko dugu.

Duela urte batzuk zeuden aurreiritziak apurtu dira?

Guztiz ez, baina asko aldatu dela uste dut. Hasieran, estilo marjinal bezala ikusten zen elektronika, drogekin eta poligoneroekin lotuta; hala ere, pixkanaka aldatuz doa.

Eta zelan ikusten duzu ibarreko eszena?

Erantzun zaila da. Nire ustez, gaur egungo gazte askok ez dute kontuan hartzen Ima Txill-aut, Balza eta halakoek egindako lana. Aldarrikatzekoa da egin dutena; horrez gain, teknologiaren eztandak gauzak erraztu ditu. Gaur egun tramankulu batekin edozeinek sinkroniza ditzake bi disko eta diskoak jarri; baina horrek ez du esan nahi disko-jartzailea denik. Ikaste prozesu etengabea da musika.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak