"50 mendien kontuarekin hasi zen dena; Jabi, Juanma eta Enekorekin hizketan ordu asko egin ostean, jende gehiagorentzat baina antzerako filosofiaz beste zerbait antolatzea ideia ona izango zela iruditu zitzaigun. Gorriñaren kontua aipatu nuen eta egiteko irrika sortu nien.
90. hamarkadan 4 alditan antolatu zuen Murrukixok Gorriñaren ibilbidea; parte-hartzaile gehienak Aretxabaletarrak ziren eta hamar lagun baino gutxiagoko parte-hartzeak izan ziren. Batzuk errekorra egin nahian eta besteak Gorriñarena hobetu edo berdindu nahian, hori bai, gehienetan taldetan atera eta heltzea zen kontua. Errekorra egin zutenean (4 ordu eta 50 minutu) lau atera ziren eta bidea elkarrekin egin ostean, taldean heldu ziren; horrek sekulako inbidia ematen zidan.
Horrela bada, urte hasieran data jarri genion eta prestaketari ekin nion, antolakuntza minimo batekin 20 lagun arteko mendi ibilbide txukuna egin zitekeenaren ideiarekin. Jende gehiago animatze aldera, 3 talde egitea pentsatu genuen: 5 ordukoa, 6 ordukoa eta 7 ordukoa, denak 7etan aterata; Gorriñak 7 ordu baino gutxiagotan egiteko apustua bota zuenez, hortik gorako ordutegiak Gorriñaren ibilbidea baino, mendi martxa izango zirela erabaki nuen.
Taldea errespetatzearen kontua 50 mendien martxan ere indartu zen, denok elkarrekin joateak sortzen duen giroa eta elkarren zaintzak, sekulako esperientzia zirela ulertu baikenuen. Ideia guzti horiekin, korrika entrenamenduei eta ibilbidearen ezagutza sakonagoari ekin nion otsailean: goizean goizeko bueltak Arantzazura, eguzkia irten aurretiko bueltak Leixargaratera… Motibazioa haziz eta prestaketa garatuz, apurka-apurka eguna hurbiltzen zihoan.
Juanmarekin hitzorduak eginda, froga politak egin genituen, erreferentziak hartzeko eta bide egokienak hautatzeko. Nire buruan konfiantza hartzeko ere balio zuten, 5 orduko taldean ahulena izateko posibilitate asko baineuzkan.
Jendea animatzen ahoz aho
Martxoan, publizitate apur bat egiten hasi nintzen eta facebook-eko mendiak jarraian perfilean ibilbidearen berri ematen hasi nintzen. Jendea apuntatzen zen heinean, whatsapp-en propio sortutako taldean sartzen nituen, saltsa sortzen joateko eta entrenamenduetarako hitzorduak egiteko. Saltsa sortuta zegoen eta parte-hartzaileek nahiko garbi zein taldetan joan nahi zuten; hori zen plana eta betetzen ari zen.
Martxo bukaeran Gorriñaren Ibilbidearen kartela errekuperatu eta aurtengo hitzordurako moldatu nuen Palomaren laguntzaz. Goienkariak ere Mirariren laguntzaz Gorriñaren berria zabaldu zuen. Bestalde Murrukixoko Xatirekin diru kontuak mendi taldearen kontura izango zirela ere lotu nuen. Ahoz-ahoko bidetik bakarrik ez, beste bideetatik ere apuntatzen hasi ziren eta astebete faltan 13 lagun geunden baina denak mutilak. Aretxabaletako neskak animatzen saiatu nintzen baina horiekin daukadan gantxo falta nabarmen geratu da (jejeje); bueno, Iraia ia apuntatu zen baina aurtengorako askotxo izango zela erabaki zuen. Dena den, Lasatarrek egindako propagandak bere fruitua eman zuen eta Rosa gurekin izateko aukera sortu zen; a ze poza hartu nuena lehenengo neska apuntatu zenean (Gorriña egingo zuen lehen neska aurtengoa izango zen!) eta a ze neska!
Azken astean beste 5 lagun apuntatu ziren eta parte-hartzaile kopuru aldetik, zenbaki egokiak lortuta zeudela pentsatu nuen; bakoitzak bere taldea ondo hautatzearen garrantzia denei ondo ulertarazteko mezuak ez ziren gutxi izan baina mezu hori sakontzeko eta azkeneko detaileetarako, ostiralean, ibilbidea egin bezperan, arratsaldeko 7etan Murrukixoren lokalean hitzordua egin nuen. Parte-hartzaile asko etorri ziren eta anoa postuetan egongo zena eta irteera orduena argi utzi ostean, antolakuntzaren esku ez baina korrikalarienean zegoen zerbait, bihotzez errespetatzeko eskatu nien; zertarako zen ez zekitela uste dut baina ondorioak ikusi ostean, ondo ulertu dutela esango nuke nik.
Irteera ordutegiarena azken astean aldatu genuen, denok elkarrekin atera beharrean, denok elkarrekin heltzea hobe izango zenaren ustean, Rosaren aholkuari jarraituz, 7 orduko taldea 6etan, 6 ordukoa 7etan eta 5 ordukoa 8etan ateratzea erabaki genuen. Denok ordu batak aurretik heltzea zen kontua, bide batez anoa postuetako denborak moztu eta amaierako giroa beroagoa izango zelako. Azkenean 7 orduko taldean 7 lagun, 6koan 6 eta 5ekoan 5 atera ginen.
Azken egunetan pasta eta arroza topera jan ostean eta azken erosketak eginda, ostiral gaua nahiko lasai joan zen eta lo ederto egin nuen. Goizeko 5etan jaiki, ondo gosaldu eta 5,30etarako Murrukixon nengoen, lehen taldearen zain. Kanpaiekin batera atera ziren eta Pedro eta Joseba Aizkorriko anoa postukoak hartuta agurtu nituen. Etxera joan, luzaketak egin eta 6,30etan berriz Murrukixon nengoen. 6 ordukoak ere formal atera ziren elizako kanpaiekin. Juanma eta Jabi ere arrimatu ziren eta ostean kafetxoa hartzera joan ziren; ni aldiz etxera, arropak jarri eta Sirorekin gosaltzera.
7,30etarako Murrukixon nengoen berriz. Gure taldekoak heltzeaz bat, beroketak egitera atera ginen; azken prestaketak egin, Alfredori argazkia ateratzeko eskatu eta Loramendikoen mendi irteerara hurbildutakoekin azken hitzak elkartrukatu genituen. Dena prest, aldabari gogor eman eta aurrera!!
Aldapan gora
Hasieratik erritmo gogorra jarri dugu, dena eman barik baina topera. 8 minututan Otalazelaiko bidegurutzean gaude eta presatik gora joateko bidegurutzean 21 minututan. Momentuz denok elkarrekin baina berba gutxi, hauspoari ederto astintzen ari garelako. Urrexolagaraira igoeran apur bat atzera geratu naiz baina gainera gogotsu heldu (35 minutu) eta beherakoa indartsu hartu dugu. Ia denbora guztian Jabi doa aurrean eta gehiago ahal duen arren, taldea errespetatzeko asmo sendoa dauka. Jaturabeko zubian denok elkarrekin goaz, jaitsiera ederra gozatuta. Orkatila pare bat aldiz bihurtu dut baina badirudi ez dela ezer garrantzitsurik; Aizkorriko jaitsieraren zailtasunetan pentsatu dut baina beldur handirik gabe.
Kortakogainera igoeran berriz apur bat atzean geratu naiz baina errepidera ordu betea betetzean heldu gara. Handik Sindikaraino sendo igo dugu, berriz ni atzean geratuta baina dena den, anoa postuan ordu eta hogeian heldu gara txalo artean; han daude Pauxi, Peio, Paloma, Siro eta Maia; sinestezina da baina hor gaude eta aurrera jarraitzeko prest gaude denok. Ahal izan dugun dena jan eta edan ostean, bost minutu ostean, berriz goaz gorantz. Urbiaraino 30 minutuan igo gara, laukotea aurretik eta ni atzetik, gehiegi estutu barik baina ahal dudan bezain azkar.
Berriz elkartu eta bagoaz fondarantz, aldapa gogorrenak aurrean ditugula. Jela hartzeko esan didate eta dauzkadan bietako bat hartu dut, muskuluak eta indarrak kontrolatuta mantentzeko asmoarekin. Behera goazela berriz ere banatu gara baina bistan dauzkat denbora gehienean. Aizkorriko gaina 2 ordu eta 32 minutuan hartu dute eurek eta nik 2 minutu beranduago. Taldeko argazkia atera, ura sendo edan eta platanoa jan ditugu eta Joseba, Pedro eta Iraiaren animoak eta laguntza ordainezinak izan dira; niri Pedrok hanketan Juanmaren espraia eman dit, justu antzean ditut eta.
Beheranzko bidean
Beherakoan ere bakarrik geratu naiz eta bikiak eta izterrak oso justu ditudala konturatu naiz; kontrolpean izan ditut baina tentu handiz jaitsi naiz, failatuz gero golpe ederra hartuko dudalako eta edozein saltorekin denak gora etortzen zaizkidala konturatu ere bai. Pistara heltzean lasaitu ederra hartu dut. Ganix zain geratu da eta berekin beste hirurak harrapatu ditut.
Fondan ur tragoa hartu dugu Enekok eta biok eta berriz ere atzean geratu naiz. Urbia sarreran Ganix zain daukat baina ezin dut bere erritmoan jaitsi. Ez noa poliki baina beste laurak askoz azkarrago doaz. Ez ditut ikusten baina Sindikan zain izango ditudanaren esperantza noa; hori baino lehenago, bideko pago azpiko iturrian geratu dira eta berriz gaude elkarrekin. Dena den, anoa postu aurretik berriz bakarrik geratu naiz.
Anoa postuan 3 ordu eta hogeita bostean gaude oraingoan martxa utzi duten Dabid eta Josurekin batera Olaia, Doltza eta Araitzen animoak ere jaso ditugu. Berriz ere ahal dugun guztia jan eta edan ostean, bagoaz beherantz, etortzean tardatu duguna baino gutxiago egingo dugulakoan eta errekorraren usainean. Kortakogaineraino gogor jaitsi gara, nahiz eta berriz ere ni atzean geratu naizen. Jaturabera elkarrekin heldu gara dena den eta igoera txukun hasi dugu, oraindik errekorrari 5-10 minutu kenduko dizkiogunaren esperantzaz. Nire muskuluek gorantz ondo erantzuten dutela ikustean, izugarri poztu naiz eta Juanma eta Jabi jarraitzeko eta pasatzeko gai naizela ikusi dut. Urrexolagaraira apur bat banatuta heldu garen arren, beherakoa elkarrekin hasi dugu; 12:20 dira. Oso azkar jaitsi gara baina Urkuluko urtegiko lautada oso gogorra izango dela garbi daukat.
Hemendik aurrera erlojuari ez begiratzea erabaki dut eta lautadan, ahal dudan erritmo gogorrenean joaten saiatu naiz, daukadan guztia atera eta hauspoari ahal diodan guztia emanda. Otalazelaiko aldapa ikaragarria izan da baina azkena denez, ia bukatutzat emanda bagoaz behera, topean.
Basabeko baserrian 4 ordu eta 49 minutu goazela esan du Ganixek eta elkarri eskuak eman dizkiogu, pozaren pozez gaurkoa bukatu dugula ospatzen. Barruan daukadan azkena emanda, topera jarri naiz eta denak nirekin datoz. Pagaldaixenetik Murrukixora esprint hutsa izan da eta ongietorri izugarria egin digute; nire kontzientzia nibela oso justu dago eta minutu pare bat gutxienez behar ditut buelta emateko. Besarkadak, zoriontzeak, esku-emateak… denak elkarrekin ezin besarkatu eta penaz. Azkenean ez dugu errekorra egin eta Sindikatik amaierara joaterakoan egindako denbora berbera egin dugu; dena dela denon irribarre eta pozak guztiz bete naute. Xatik prestatutakoa gustura edan eta jan dugu denok eta joan aurretik, talde argazkia atera dugu; pozez zoratzen gaude denok eta hurrengo bat egongo denaren esperantzaz gaudela uste dut.
Gu izan gara azkenak heltzen eta beraz, denek bete dituzte beraien helburuak eta beraien aurpegiak hori erakusten dute.
Eskerrik asko parte-hartzaile eta laguntzaile guztiei. Gorriña Ibilbide gehiago egongo direla uste dut".