Rikardo Lamadrid: "Aretxabaletako Lanbide Heziketa Institutuko ikasle izandakoen %80 lanean daude"

Leire Kortabarria 2014ko mai. 5a, 09:41
Rikardo Lamadrid, Aretxabaletako institutuko sarreran.
Igorren jaioa da, baina Aretxabaletako Lanbide Heziketa Institutuan dihardu azken hamar urteotan Rikardo Lamadridek; horietatik azken biak, zuzendari.

Debagoieneko lanbide heziketa institutuen artean ezagunenetakoa eta ospe onenetakoa da Aretxabaletakoa, nahiz eta Aretxabaleta ez izan herri handiena. Zergatik da hori, zure iritziz?

Eskerrik asko! Horren arrazoi handienetako bat izan daiteke hemen badagoela ziklo bat, bere garaian galdu zena eta orain berreskuratu dena, Fundizio eta Polimetalurgiako zikloa, eta azken hiruzpalau urteotan estatuan ziklo hori ematen duen ikastetxe bakarra garela. 

Bestalde, Eraikuntza Metalikoen, Soldaduraren eta Automobilgintzaren zikloak indartu dira. Eta aspaldiko zikloa da Erizaintza. Mendeko egoeran dauden pertsonen arretaren zikloa ere badaukagu. Azken hori krisiarengatik eta gizartearen zahartzeari begiratuta ipini genuen.

Zenbat ikasle dituzue laster bukatzera doan ikasturte honetan? Zenbat mutil eta zenbat neska? 

230 bat ikasle ditugu, 1. eta 2. mailak kontuan izanda. Gure eskolako ikasketa gehienak industrialak dira, eta argi ikusten da mutilen eta nesken banaketa: industrialetan, %90-95 mutilak dira, eta erizaintzan eta mendeko pertsonen arretako zikloan, %70 bat neskak dira. 

Zenbat erdi mailako eta goi mailako ziklo eskaini dituzue ikasturte honetan?

Zortzi ziklo ditugu; bi, goi mailakoak, eta sei, erdikoak. Goi mailakoak Fundizio eta Polimetalurgia eta Eraikuntza Metalikoak dira; eta erdi mailakoak, Erizaintza, Arreta soziosanitarioa, Ibilgailuen elektromekanika, Karrozeria, Mekanizatua eta Soldadura-Galdaragintza.

Datorren ikasturteko eskaintzan nobedaderik badago?

Krisian gaudenez, ez digute utzi eskaintza hori asko aldatzen eta ziklo berberek jarraitzen dute, baina eskatu dugu modalitatea aldatzea: Mekanizatuetan, goizeko zikloa dugu eta eskatu dugu, horretaz aparte, arratsaldeko zikloa eskaintza partzialean eman ahal izatea: bi urtean egin beharrean, hiru urtera pasatzea, ordu gutxiago emanda egunero. Horrela, erraztu egiten da lanean daudenak ere etortzea. Baina erantzuna oraindik ez dugu jaso. 

Laster hasiko da aurre-matrikula egiteko epea. Nor animatu nahiko zenuke bereziki?

Aurre-matrikula maiatzaren 27tik ekainaren 6ra arte da. 2. maila egin behar dutenak ekainaren 17tik uztailaren 4ra arte matrikulatu behar dira, eta 1. mailarako aurre-matrikula egiten dutenek uztailaren 9 eta 16 artean egin beharko dute matrikula. 

Azkeneko urteetan, gure ikasleen adina nahikotxo aldatu da. Lehen DBHtik etortzen ziren; 16 urtetik gorakoak eta 24 urtera artekoak ziren. Orain, 40-50 urte arteko asko datoz, lanean ibilitakoak, kalean geratu direnak eta beste lanbide bat egin nahi dutenak. Ikasle asko ikusten ditugu ere titulazio aldetik oso maila handia dutenak, Unibertsitatetik datozenak, gehienak goi mailako zikloak egitera. Nik guztiak animatu nahiko nituzke. LHko zikloetan eta arratsaldeko kurtsoetan bizi guztirako irakaskuntza ematen dugu. Animua eta motibazioa duen edozein animatuko nuke.

Aretxabaletaz gain, beste herri batzuetako ikasleak ere badituzue?

Bai. Horretan ere krisiaren eragina igarri dugu: nahiz eta zikloa urrutiago egon, ikasleak etorri egiten dira. Aurten, Zarautz, Elorrio, Gasteiz, Urretxu, Legazpi eta beste herri batzuetako ikasleak ditugu. 

Lanbide Heziketan dagoen eredua da Hezibi. Zertan datza eta zeintzuk dira abantailak?

Ikasleak modulu batzuen ordu teorikoak ematen ditu, ikastetxean, eta beste ordu batzuk, enpresan. Ikaslearendako lan-kontratu bat da Hezibi. Hitzarmen bat egiten da ikastetxearen eta enpresaren artean eta ikasle horrek, urte baten, ordu batzuk ikastetxean eta beste batzuk enpresan egiten ditu. Soldata baten truke doa lanera; Irakaskuntza-ikaskuntza kontratu mota dauka. Hortaz, bere kotizazioa, gizarte segurantza… dauka. Gero, enpresa horrek, ahal badu, ikaslea kontratatzeko konpromisoa hartzen du. Betetzen ez bada, enpresaren egoerarengatik, ez da ezer gertatzen; baina ikasle horrendako aukera bat da enpresa horretan gelditzeko. Hezibirekin, ikaslearen espezializazio eta kualifikazio maila indartzea bilatzen da.

Ikasle guztiak sartzen dira Hezibi ereduan?

Modalitate hori talde oso batendako ematea oso zaila da, ezinezkoa izango litzatekeelako tutore batendako 12-15 lagun ingururi jarraipena egitea. Irizpide batzuk ditugu eta horiek kontuan izanda filtro bat egiten da. Kontuan hartzen dira zein den Hezibin sartzeko konpromisoa duen enpresa; ze profil eskatzen duen enpresak, eta profil horri lotuen dauden ikasleei eskaintzen zaie. Ikasleen artean, kontuan hartzen dira jarrera, iniziatiba, notak…

Jarraitzen dituzue ikasle ohiak, ea lanean dabiltzan?

Aurten pentsatu dugu ikastetxean lan-poltsa sortzea. Guk, zorionez, Lanbideko orientazio bulegoa dugu gure institutuan, eta horrek asko laguntzen digu goizeko zikloko bai kurtsoetako ikasleen jarraipena egiteko. Lan-poltsa horrek hemendik irteten diren ikasleak enpresetan kokatzeko aukera emango digu. 

Orain arte ditugun datuen arabera, hemendik irteten diren ikasle gehienak lanean daude: %80 ia-ia, nahiko datu altua. Lehen altuagoa zen: krisi aurretik %90 ingurura ailegatzen zen. Badakigu lanean ez dauden gehienak beste ikasketa batzuk egiten daudela. Datu onak dira.

Euskadiren Lanbide Heziketa eredua Europako onenetarikoa dela esaten da. Zer esportatu da hemendik beste herrialde batzuetara?

Lanbide Heziketako sailburuordea Bruselasera joan zen hemengo eredua aurkeztera eta oso harrera ona izan zuen. Maiatz bukaeran, Donostian, Lanbide Heziketako kongresua egingo da eta Finlandia, Norvegia, Suedia, AEB eta Kanadatik etorriko dira. Guk Europa iparraldeko herrialdeak hezkuntzan oso onak direla entzuten dugu beti, baina Lanbide Heziketan behintzat, hemengoa potentzial handikoa dela dirudi. 

Esportatzeko hemendik gehien balio duena da, nire ustez, enpresekin daukagun lotura. Confebasken, Adegiren eta, orokorrean, patronalen aldetik badago Lanbide Heziketarekiko sentsibilizazioa, beste leku batzuetan hainbesterainokoa ez dena.

Bestalde, Alemanian –eta hori da hona ekarri nahi dena– enpresek eurek eskolak sortzen dituzte eta euren langile izango direnak handik pasarazten dituzte. Horrek bermatu egiten du enpresa horretan erabiliko diren teknologiak ikasiko dituztela, eta filtro bat egiteko aukera ematen du. Horretarako, enpresaren babesa erabatekoa izan behar da, baliabideak enpresak ipintzen dituelako. Hemen, oraingoz, ez gara horraino heldu. Eredu hori hona ekartzea lortuko balitz, izugarria izango litzateke.

Krisitik irtetea eta enplegua sortzea noizko ikusten duzu zuk?

Esaten dute hasi garela irteten, baina zenbakiek ez dute oraindik hori erakusten. Zentzu horretan, Debagoienean, Lanbide Heziketako zentrook gure arteko komunikazioa asko indartu dugu, zentro publikoek eta kontzertatuek berdin, eta bakoitzak dauzkagun kontaktuak eta ezagutzak mahai gainean ipintzen hasi gara. Hortik hasi dira hitzarmenak, kolaborazioak… irteten. Esan daiteke mota horretako elkarlana hasten edo hasteko zorian gaudela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak