Txertoak zer diren, zein hobekuntza ekarri duten, eta txertorik ez jartzearen ondorioak zeintzuk diren izan dugu hizpide, besteak beste, Aretxabaletako pediatria erizainarekin. Hitzaldia ere egin du aurreko astean Aretxabaletan.
Txertoak bai ala ez?
Ez dugu gai honetan zalantzarik izan behar. Txertoak bai, eta inongo zalantzarik gabe. Gure gizarteak argi izan behar du hori. Onurak handiak dira, eta arrisku asko saihesten ditugu.
Zer lortzen dugu txertoen bitartez?
Hitz bakarrean esanda; babesa. Prebenitu daitezkeen gaixotasun immunologiko asko dago, eta txertatuz gero ez diegu lekurik uzten gure gizartean. Kukutxeztula, polioa, C meningitisa, hepatitisa, difteria, tetanosa... Gizarte osoarendako da garrantzitsua guztiok txertoak hartzea.
Ze arrisku du ez txertatzeak?
Gaixotasun horietako batez gaixotzea, eta birus horiei garatzeko bidea ematea.
Badago diskurtso bat txertatzearen aurkakoa. Zer iritzi duzu?
Badago bai, eta oso kaltegarria izateaz gain arriskutsua ere bada. Zientifikoki frogatuta dago gaixotasun askok atzera egin dutela txertatze-kanpainei esker. Ia desagertuta daude gure gizartean. Txertatze-egutegi bat dugu ezarrita, eta urteetako lanaren ondorioz gaixotasun asko desagertuta edo desagertzear daude. Datuak daude hori horrela dela egiaztatzen dutenak.
Kalte handia egin du gurean diskurtso horrek?
Bai. Oso diskurtso erraza da, eta beldur handia eragiten du. Negozio bat dela, txertoak ez direla beharrezkoak... ez dakit nork zabaldu duen debate hori, baina ez da batere egokia osasun publikoarendako.
Indarrean dugun txertoen egutegia egokia dela uste duzu?
Oso garrantzitsua da jarraipen eguneratua egitea. Txertatuta dauden umeak ez daude arriskuan. Uneotan asko bidaiatzen dugu. Kanpotik ere jende asko dator. Horrek bidea errazten die birusei eta txertatuta ez dauden umeak gaixotzeko arriskua handia da. Polioa, kukutxeztula, difteria... erraz iristen dira gurera. Guk uste baino gertuago ditugu. Txertatuta bagaude arriskutik kanpo gaude. Seme-alabak txertatzen ez dituzten gurasoek argi izan behar dute arrisku hori egon badagoela.
Orokorrean, txertatzen ditugu haurrak?
Bai, baina konturatzen ari gara txertoen aurkako iritzi korronte horien ondorioz zenbait gurasok zalantzak dituztela edo uko egiten diotela umeak txertatzeari. Oso erraz zabaltzen dute diskurtso hori, inongo ondoriorik gabe. Ez txertatzearen arriskuez ere ez dute hitzik esaten. Diote ez dela ezer gertatzen, baina guk badakigu gertatu, gertatzen dela.