Epai horren aurrean, Udalak ondorengo adierazpena helarazi gura die herritarrei: "Herriak aukeratzen ditu bere ikurrak, bereak egiten ditu, eta horregatik dira herriaren ikur. Aldiz, legearen indarrez inposatuak badira, orduan inposizioaren ikur bihurtzen dira. Aretxabaletan ikurrina gure banderatzat dugu". Eta gaineratu dute neurri horrek aretxabaletarren borondatearekiko "errespetu falta" adierazten duela, eta "askatasunez erabakitzeko eskubidearen ukapena". Eta jakinarazi dute: "Ez ditugu banderak eta koloreak gutxiesten. Are gehiago, ordezkatzen dituzten lurraldeetako ikur izatea zilegi dela deritzogu argi eta garbi. Baina, era berean, argi dugu nongoak garen eta zerk ordezkatzen gaituen".
"Gure nortasuna eta gure izatea ukatu nahi dutenen aurrean", herri gisa erantzutea "ezinbestekoa" dela jakinarazi dute, eta herritar guztiei dei egin die etxeetako leiho eta balkoietan ikurrina zintzilikatzeko apirilaren 3tik 13ra bitartean (Arkupen jarriko dituzte salgai) eta ikurrina omentzeko ekitaldietan parte hartzeko.
Apirilaren 11n omenaldia
Ekitaldiak eguenean, apirilak 3, hasiko dituzte, zinegotzi direnek eta aurretik izan direnek prentsaurrekoa eginda.
Eta ikurrinari omenaldia apirilaren 11n egingo diote (18:30): udaletxeko fatxadan plaka bat jarriko da eta ondoren ikurrina berria altxatu; ikurrinari dantzan egingo diote gero; eta bukatzeko mosaiko bat osatuko dute elkartutakoen artean.