Itsaso Pagoaga eta Larraitz Garai: "Umeak, proposamenak egiteko, asanblada eran elkartzen ditugu"

Mirari Altube Arrese 2014ko mar. 26a, 10:21

Itsaso Pagoaga eta Larraitz Garai ludotekan.
3 eta 12 urte arteko neska-mutikoen topalekua da ludoteka eta Loramendi elkarteak du haren ardura. Zerbitzuaren gainean hausnartu berri dute eta bueltatxo bat eman. Horren berri emango diete gurasoei gaur eguaztena, 18:30ean.

Zergatik pentsatu duzue buelta bat ematea zerbitzuari?
Itsaso Pagoaga: Loramendiren bueltan elkartutako gazte batzuk aisialdiaren gainean hasi gara lanean eta ikusi dugu azken urteotan, Aretxabaletan, aisialdi zerbitzuak asko ugaritu direla baina kohesio falta dagoela. Umeendako asko eskaintzen da baina helduen ikuspegitik. Bestalde, ludotekako zerbitzua espazio itxi honetara mugatu da batez ere, eta leku bat baino gehiago jolasteko aukerak sortu behar direla uste dugu.

Hortaz, neska-mutikoei eman gura diezue berba?
Larraitz Garai: Umeak asanblada eran elkartzen ditugu eta hor botatzen dute zer gura duten egin. Batzuk lotsatu egiten dira eta horiendako panel bat daukagu proposamenak idazteko. Gero gai horren inguruan lotzen dugu hilabeteko programazioa.
I.P.: Eurek egindako proposamenak ludotekak dituen helburuekin uztartzen ditugu; eskulanak egitea gura dutela, goazen birziklatutako materialarekin egitera, edo kantu txapelketa gura dutela goazen euskaraz egitera...

Euskara eta euskal kultura bultzatzea helburu duzue, ezta?
I.P.: Euskara helburu izanda nola landu izan den hausnartu dugu; orain arte ohikoa izan da euskaraz egiteko derrigortasuna eta pentsatu dugu hortik irtetea eta jarrera indartzea geu eredu izanda. Eta herriko eta Euskal Herriko kultur ondarea transmititu gura dugu: Txapel Txin ekarrita…

Aisialdi esparrutik hezkuntza esparrura salto egin gura duzue orain?
I.P.: Hizkuntza erdigunea izan arren beste balio batzuk landu izan dira orain arte ere; horiek indartu beharra dutela konturatu gara orain. Baina ez gauza espezifikoak sortuta sormena lantzeko, errespetua lantzeko…
L.G.: Ez da izango orain errespetua landuko dugu, baizik egunerokotasunean, gura barik, landu; adibidez materialaren erabileraren gainean hausnartu…

Ordutegian ere aldaketa proposatu duzue, ezta?
I.P.: Horrekin gura dena da, batetik, adin tarte bakoitzak beretako denbora izatea, eta bestetik, adin tarte ezberdinetako umeak nahastea. Horregatik ordutegia bitan banatu dugu: lehenengo zatian talde batek du aukera etortzeko eta bigarrenean, gura duten guztiek, denak nahastuta.
L.G.: Hil bukaeran hasiko gara.

Eta familiekin elkarlana bultzatu gura duzue…
L.G.: Gurasoekin beti dago harremana baina gero kosta egiten da beste inplikazio bat lortzea.
I.P.: Eta gure asmoa da eurek ere parte-hartzea. Zergatik ez apirilean, literatur astean, ipuin kontaketa rally bat egin eta gurasoak, aitajaun-amandreak… etorri; edo ogia egiten erakutsi gura duela batek eta etorri… Halakoek ateak zabalik dituzte eta animatu.

Asmo zehatzak ere badituzue…
I.P.: Bai. Hilabetean behin ate irekiak egitea, adibidez.

Zeintzuk osatzen duzue aisialdi taldea?
I.P.: Zortzi neska gogotsu elkartu ginen ekainean eta proiektua gertatzeko lan mordoa egin. Hainbat ideia ditugu gainera, formazio saio batzuk gazteekin…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak