Hitzarmena sinatu dute Elkarhezitzen elkarteak eta Udalak elkarlanean jarduteko

Mirari Altube Arrese 2014ko mar. 20a, 15:56

Aretxabaletako Udalak eta Elkarhezitzen elkarteak hitzarmena sinatu dute elkarlanean jarduteko asmoarekin. Hitzarmen horrekin elkarren arteko harremana arautu dute.

Udalak erraztasunak eskainiko dizkio Elkarhezitzeni instalakuntzak eta espazio publikoak erabiltzeko orduan. Gainera, garapenerako hezkuntzaren baloreak ezagutarazteko helburuarekin bat egin du Udalak. Eta jarraipen batzordea ere osatu dute hitzarmenean jasotako zerbitzuak eta konpromisoak aurrera eramaten direla ziurtatzeko.

Debagoieneko gobernuz kanpoko bost erakundek osatzen dute Elkarhezitzen taldea: Harreman, AMS Mundu Solidarioa, Serso, Anelkar eta Aretxabaletako Hiruatx. Hain zuzen Elkarhezitzeneko ordezkari Maitane Igartua eta Hiruatxeko Ibon Antero elkartu dira Ana Bolinaga alkatearekin. Munduko errealitatearen gaineko kontzientzia kritikoa sustatu eta portaera solidarioak sorraraztea du helburu Elkarhezitzen elkarteak eta Udalak ateak zabalik dituela argitu du alkateak.

10 urteko ibilbidea

Hezkuntzan hasi zuen ibilbidea Elkarhezitzenek orain dela 10 urte, kulturartekotasuna lantzen hain zuzen ere, eta orain globalizazioa, kontsumoa eta berdintasuna ere jorratzen dituzte. Lehen eta bigarren hezkuntzan landu izan dituzte gaiok Debagoieneko hainbat ikastetxetan.

Orain, baina, hezkuntzatik harantzago salto egin eta beste esparru batzuk lantzen hasi dira. Hala, kontsumo taldeen sorrera bultzatu du; Fiare banku etikoaren promozioan laguntzen dabil; eta Trukeados denboraren bankua sortu berri du. Gainera, Mundukiderekin eta Lankirekin elkarlanean dabil Jalgi Hadi Ortura jardunaldiak antolatzen. Hain zuzen jardunaldi horren bueltan antolatuta hitzaldia eskainiko du Brasilgo MST (Lurrik gabeko landa langileen mugimendua) elkarteko kide Debora Nunesek astelehenean (19:00) Arkupen; Brasilgo emakume nekazarien gainean jardungo du horrek.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak