Atez atekoaren gaineko zalantzak argitzen dabiltza Aretxabaletan

Mirari Altube Arrese 2014ko mar. 14a, 14:25

Atez ateko hondakin bilketa sistemak zelan funtzionatuko duen azaldu eta herritarrek dituzten zalantzak argitzen jardun dute azken bi asteotan bilerak eginda. Informazio bulegoa ere zabaldu dute herritarren galderak erantzuteko. Durana kaleko 30. atartean dago.

Mankomunitateko teknikari bi daude bertan. Hona ordutegia: astelehen eta eguaztenetan 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara; eta martitzen, eguen eta egubakoitzetan, 10:00etatik 14:00etara. Telefonoz deitu gura izanez gero: 943 54 00 21.

Ekarpenak egiteko tartea

Astean bukatu dituzte herritarrak informatzeko bilerak, eta horiek, orain, galdera bi erantzun beharko dituzte: batetik, konforme dauden zintzilikarioa jartzeko proposatutako kokagunearekin; eta bestetik, paperak eta kartoiak zelan jasoko dituzten, bizilagun bakoitzak berea edo atarte osoak batera. Kokagunearekin konforme ez daudenek beste bat proposatzeko aukera izango dute martxoaren 28a arte.

Merkatariekin eguaztenean

Behin herritarrak informatuta orain merkatariekin eta industria jarduera dutenekin egin gura dute bilera, atez atekoaren berri eman eta zalantzak argitzeko. Eguaztenean da hori, martxoak 19, Arkupen. 11:00etan industria guneetakoekin elkartuko dira, eta 15:00etan gainerakoekin: dendak, ikastetxeak, tabernak eta jatetxeak, elkarte gastronomikoak, bulegoak, industria ez diren negozioak (dentistak…), osasun etxea, adinekoen egoitza, botikak…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak