Mikel Galdos: "Denboraldia hasteko izugarrizko gogoz nago jada; bitartean, golf eskolak ematen ditut"

Irati Goitia 2014ko mar. 11a, 00:00

Mikel Galdos golf jokalaria.
Mikel Galdos profesional mailan jokatzen duen golf jokalari aretxabaletarra da. 2006an egin zuen profesionaletarako saltoa. Egun, Larrabea Golf Klubeko zuzendaria ere bada.

Aspaldi zure berri izan gabe. Zertan aritu zara azken urteotan?

Denetarik egin dut. Oraindik txapelketak jokatzen jarraitzen dut. Horretaz gain, joan den urtea ezkero Larrabean golf eskolak ematen nabil. Gainera, orain, eskolako zuzendaria ere banaiz. Beraz, era batera edo bestera, golfaren munduan. Txapelketak jokatzen ez ditudan bitartean, eskolak ematen eta eskola zuzentzen dihardut.

Zeintzuk izan dira azken urteotan lortu dituzun garaipen garrantzitsuenak?

2010ean Euskadiko txapelketa irabazi nuen eta 2012an berriro ere irabazi nuen. Bestalde, Bulgarian jokatutako txapelketa baten bigarren gelditu nintzen (Europako TGA txapelketa). Oso erregularra izaten jarraitzen dut. Txapelketetan ez dut arazorik izaten lehen kanporaketa pasatzeko. Azken bi urteetan jokatu ditudan 20 txapelketetan lehen kanporaketa bakarra huts egin dut. Hortik irabaztera pauso handia dago, ordea.

Oraindik profesional mailan jarraitzen duzu. Lehiatzeak oraindik motibatzen zaitu? 

Bai, zalantzarik gabe. Ahal dudan txapelketa guztietara joaten naiz. Apiril edo maiatzera arte ez dira hasten eta dagoeneko izugarrizko gogoa daukat. Azazkalik ere ez dut dagoeneko... Oraindik, baina, ez dugu aurtengo egutegirik jaso, egoera ez da oso ona. Eskerrak eskolak ditudala; gainontzean, ez dakit zertan izango nintzen aurten... Izan ere, krisiaren eraginez, asko jaitsi dira torneoak, bai kantitateari dagokionez eta baita kalitateari dagokionez ere. Txapelketetako sariak dirutan erdira jaitsi dira. Eta lehen 20 jokatzen bagenituen, orain, berriz, bost.

Urte baten zenbat txapelketa jokatzen dituzu, gutxi gorabehera?

2006an profesional mailara pasa nintzenean, lehenengo urte hartan, 22 txapelketa jokatu nituen. Iaz, berriz, sei jokatu nituen.   

Zeuri nola eragin dizu krisiak modu pertsonalean?

Gehienbat, txapelketa gutxiago izaten direla eta jokatzeko aukera gutxiago izaten ditudala. Azken batean, beste modu batera irabazi behar da bizimodua. Horregatik hasi nintzen, hein handi batean, eskolak ematen. Egia esatearren, oso pozik nago. Hasiera batean, pixka bat kezkatuta nengoen, ea gustatuko zitzaidan edo ez pentsatzen. Baina oso gustura nabil, asko gustatu zait, batez ere, aspektu teknikoa erakustea. Horrez gainera, ikastaro ugari nabil egiten eta asko nabil ikasten. Zuzendari moduan, berriz, Larrabeako eskola ahalik eta ondoen joan dadila ahalegintzen naiz.

Krisia aipatu duzu. Profesional mailako txapelketak Espainian zehar izaten dira. Hori ere gastu handia izango da...

Bidaiatzeak eta hotelek krisia ez zegoenean bezalaxe balio dute. Gastuak berdinak dira, baina erdia irabazten da. Normalean, txapelketak ostegunean hasten dira. Ostiraletan kanporaketa handi bat egon ohi da. Hau da, 140 inguru hasten gara lehiatzen eta 40 pasatzen dira bigarren fasera. Azken 40 horiek asteko gastuak pagatzeko modura irabazten dute, baina justu-justu.  

Aurten, txapelketa gutxiago izango direla uste duzu?

Aurreikuspenen arabera gehiago izango dira, baina hamar baino gehiago ziur ez direla egongo; horrenbestez, nahiko baxu jarraitzen dugu.

Zela hasi zinen eskolen munduan?

Irakasle izateko lehen titulua 2006an atera nuen, baina, txapelketetan murgilduta nengoenez, alboratuta nuen. Kasualitatez, Larrabean pertsona baten beharra zuten duela urtebete inguru eta nirekin jarri ziren harremanetan. Horrela hasi nintzen. Ordurako Arabako Federazioko umeekin lanean niharduen. Umeekin hasi nintzen asteburuetan eta aste barruan entrenatzen eta eskola partikularrak ematen. Aurten aldaketak izan dira Larrabean: enpresa pribatu batek darama kudeaketa orain. Kudeatzaile berriek zuzendari postua proposatu zidaten eta oso pozik nago.

Zer behar da irakasle izateko?

Titulu dezente atera behar dira. Joan den urtetik, Larrabean hasi nintzenetik, ikastaro asko egin ditut. Orain ere ikasten dihardut. Askotariko titulazioak daude. Alde batetik, oinarrizko titulazioak, federazioak ematen dituenak. Beste alde batetik, zehatzagoak ere badaude. Horretaz gain, beste ikastaro batzuetan ez dute titulaziorik ematen, baina prestakuntza agiriak izaten dira. Adibidez, etorri ohi dira irakasle amerikar famatuak eta haiekin izaten gara bi edo hiru egunez, ahalik eta gehien ikasteko helburuarekin. Normalean, Madrilen izan ohi dira ikastaro gehienak.

Bailaran golferako zaletasuna badagoela esango zenuke?

Bai. Gainera, orain, Larrabean guztiendako ireki dugu eskola, klub pribatua den arren. Beraz, bazkide ez direnak ere etor daitezke. Eta bai, Debagoienetik ere etortzen da jendea: arrasatear asko, bergararrak, Oñatiko dezente... Adibidez, asteburuetako umeen eskolan talde bat ia osorik debagoiendarrez osatua dugu (Arrasateko bat, Oñatiko pare bat, Antzuolako beste bat...)

Golfa adin batetik gorakoendako kirola da?

Ez. Larunbat eta igandeetan umeendako eskoletan 3 urtetik 18ra bitartekoak ditut. Beraz, ez nuke halakorik esango. Umeak zein 70 urteko pertsonak etortzen dira hona.

Erraz ikasi eta laster disfrutatzera iristen zaren kirola da golfa ala denbora luzea eskatzen du benetan gozatzen hasi arte?

Golfa hasieran zaila izan daiteke, baina irakaskuntzarako sistema amerikar bat ekarri dugu, SNAG izenekoa (Starting New at Golf), eta plastikozko makilekin hasten da. Metodologia oso ona da erraz ikasteko. Hori dugunetik igarri dut jendea segituan hasten dela disfrutatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak