"Bertsozaleak, bertso eskoletako ikasleak, sasi-bertsolariak… elkartuko gara, parte hartzea eta ondo pasatzea helburu bakarrak dituen lehiaketan", argitu du jatorriz Zumarragakoa izan eta Aretxabaletan bizi den Lizarazuk. Eta mozorroa? "Aratusteak gainean ditugu eta animatzeko da; baina ez dugu argituko zelan jantziko garen", gaineratu du.
Bigarrenez joango dira Lekaixokako kideak Martxoan Bertsoa lehiaketara, eta horixe, "ondo pasatzea" beste asmo barik. Parte hartuko duen hirukotea animatzera, gainera, hainbat aretxabaletar hurreratuko dela jakinarazi digute, "bertsoak aitzakia hartuta ondo pasatzeko asmoarekin doaz".
Gaur hasi eta martxoaren 21a bitartean lau kanporaketa izango dira –bakoitzean hiru hirukote– , egubakoitzetan, Zumarraga-Urretxu aldean. Epaile bik jardungo du bertsolarien lana epaitzen, eta puntu gehien lortzen duten hiru bikoteek finala jokatuko dute martxoaren 28an, Zumarragako gaztetxean.
Emakumeen Egunera begira saioa
Bestalde, Lekaixoka bertso eskolako helduen eta gazteen taldeetako kideak, Miren Amuriza irakaslearen gidaritzapean, bertso saioa gertatzen dabiltza Emakumeen Nazioarteko Egunera begira. Hurrengo egubakoitzean, martxoak 7, egingo dute saio hori udaletxe zaharrean. Amurizak berak egingo ditu gai-jartzaile lanak eta eskolako kideek bertsotan jardungo dute.