'Atxabalta.5.Alde' plataformak bosgarren edukiontzia bultzatzeko eskatu dio Udal gobernuari

Mirari Altube Arrese 2014ko ots. 27a, 18:30

Bosgarren edukiontziaren aldeko plataformako kideak eta Udal gobernuko ordezkariak udaletxean elkartu ziren eguaztenean. Hondakinen bilketa sistema izan zuten bilerako gai.

Atxabalta.5.Alde plataformako kideek jakinarazi dute udaletxeko ateak zabalik dituztela esan ziela Udal gobernuak komunikabideen bitartez, eta halako aukera aprobetxatu beharra zutela. "Eztabaidarako jarrerarekin joan ginen eta eskatu genuen atez atekoaren ezarpena atzeratu eta bosgarren edukiontziari bultzada irmoa ematea", eta gaineratu: "Udalaren erantzuna zurruna izan da: gaia itxita dago, erabakia hartuta eta ez dago ezer eztabaidatzeko".

Hala, batzar horren balorazio ezkorra egin dute: "Udal honen jarrera da hondakinen gaikako bilketa inposatzea eta herritarroi ez entzutea. Uste dugu hasieratik zegoela erabaki hori hartuta eta gainerako guztia antzerkia bakarrik izan dela". Eta bi dei egin dituzte. Bata, Udalari; esanaz, ez sartzeko euren plataformari bideratutako erantzun artikulu batean herritarrei egindako deialdi orokor bat, "hala guztiok hobeto ulertuko dugu". Eta bestea herritarrei; "birziklapenaren alde, ingurumenarekin konprometituta eta atez atekoaren ezarpenaren kontra" dauden herritarrak Arkupera joan eta bosgarren edukiontziaren giltza eta otarra jaso eta erabiltzera animatzeko.

Gaia politizatzen

Ana Bolinaga alkateak ere egin du bilera horren balorazioa. Ez duela ulertzen zertara joan ziren dio horrek, eta gaineratu akordioa lortzeko denbora egon zela. "Negoziazio garaian proposatu genien guk mistoa jartzea, nahiz eta Udal gobernuak argi izan atez atekoa dela gaika biltzeko hiri hondakin sistemarik onena. Esan genien errefusa eta ontzi arinak atez ate jaso eta organikoa aukeran uztea –atez ate edo bosgarren edukiontziarekin– Legazpin egin duten eran, baina ezetza eman zioten orduan. Eta orain datoz eske? Ez dute nahi akordiorik".

Eta gaineratu du: "Modu boluntarioan jasotzea esatea hipokresia hutsa da. Atez atekoak bakarrik bermatzen ditu denon eskubideak eta denon betebeharrak".

Era berean, haserre bukatu du: "Talde honen atzean EAJ dago, batzokian sortutako plataforma da, eta EAJk bultzatutakoa datozen hauteskundeei begira. Eta gaia politizatzen bakarrik dabiltza".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak