Gaupa Heroes: "Rock-and-rollaren birusa hedatzeko asmoz sortu genuen Gaupa-Heroes"

Jagoba Domingo 2014ko ots. 27a, 16:00

Gaupa-Heroes laukotea.
Sex Pistols-ek Eddie Cochran-en Something Else bertsioneatu zuen, The Clash-ek Vince Taylor-en Brand New Cadillac, Cock Sparrer boskoteak Rolling Stones-en We Love You eta New York Dolls-ek Bo Diddley-ren Pills. 77ko punkak rock-and-roll klasikoarekin izan duen lotura begi bistakoa da.

Bada, gurean ere, No Hope, Krisis eta Aggressive Combat taldeetako kideek bat egin dute 50eko eta 60ko klasikoak biziberritzeko; hori bai, gure protagonisten filtrotik pasatu ostean kantuek izaera propioa lortzen dute. Gaupa-Heroes proiektu berri eta interesgarriaren gainean hitz egiteko, Mara abeslariarekin eta Jauer gitarristarekin solasaldia egin dugu. 

Taldekide guztiak punk-rocka edo street-punka jotzen duten taldeetatik zatozte; nolatan bururatu zitzaizuen?

Gure kasuan, txikitatik etxean rock-and-rolla entzun izan dugu. Gurasoek disko bilduma polita dute eta gaztetatik Creedence Clearwater Revival, Rolling Stones edo The Beatles entzun izan dugu etxean. Gaztetatik gure buruari ezarritako estilo mugak apurtu genituen aspaldi, eta gogoko dugun musika joaz dibertitzeko asmoz sortu genuen taldea. Era batean ere, gure ingurukoak hesiak apurtzera animatzen ditugu. Skinhead edo punk izatearren, ez dago zertan musika mota bat bakarrik entzun.

Noiz hasi zen Gaupa-Heroes?

Ideiarekin duela hiru bat urte hasi ginen, Eslovenian tren geltoki batean geundela; baina Gaupa-Heroes joan den urtean jaio zen. Lehenengo kontzertua Aretxabaletako txosnetan eskaini genuen; Andramari jaietan. Kontzertua eskaini baino hilabete batzuk lehenago osatu genuen laukotea. Bateria jotzera Morris animatu zen, eta baxu-jotzaile lanetan Borgas. Borgas konbentzitzea ez zen oso erraza izan; Krisis taldearekin nahikoa zuela esaten zuen, baina egubakoitz arratsaldea heltzen zenean hemen zegoen gurekin lokalean jotzen. 

Zein kantu jotzen dituzue eta nola aukeratzen dituzue?

Hasieran, 50eko eta 60ko hamarkadako kantuak bakarrik jotzeko asmoa genuen. Hala ere, denborarekin, ikusmira zabaldu egin dugu; jotzen dugun kantu berriena, ordea, ZZ Top-en Sharp Dresed Man da, 1983koa. Bestela, Elvis, Small Faces, The Who, Chuck Berry eta The Beatles-en kantuak jotzen ditugu. 

Kantuak aukeratzeko orduan, ez diogu bestelako garrantzirik ematen, gustuko izatea da baldintza bakarra. Behin aukeratuta, azkartu egiten ditugu eta kantuaren egitura errespetatuz gure egiten dugu. Gitarraren konponketak, adibidez, ez dira guztiz berdinak izaten. Gure asmoa ez da kantuen erreplikak sortzea, ondo pasatzea eta ondo pasaraztea baizik.

Kantuak bilatzerakoan, gainera, hainbat sorpresa aurkitu ditugu bidean. Adibidez, George Thorogood-en If you don't start drinking eta Top Box-en The Letter kantuak ezustean aurkitu genituen eta errepertorioan daude.

Orain, baina, bertsioak egitetik zuen kantuak konposatzera egin duzue salto.

Bai, era naturalean sortu zen. Oraingoz, bi kantu propio ditugu, Sunday Morning eta I've got Enough, eta beste bi bidean daude. Horietako bat Esloveniako tren geltokian idatzitakoa da.

Konposatzeko orduan zein irizpide dituzue? Orain arte egin duzuenarekin aldea du-eta.

Influentziak bestelakoak izaten saiatzen gara, bertsioak jotzerakoan ere bai; kantu horien eskema eta egitura ikasiz joan gara. Nahita ezean, trikimailuak ikasten dira; eta gure beste taldeen antzik baldin badu, alde batera uzten dugu. Normalean Marak hitzak egiten ditu eta nik[Jauer] erritmoak ekartzen ditut lokalera. Gero, lokalean, Borgasek bere lana egiten du eta zerbait gustuko ez badu, argi uzten du; gainera, detaileetarako eta azken ukituetarako erabaki onak hartzen ditu.

Estudioan sartzeko asmorik?

Gure artean adostu beharreko kontua da oraindik. Gustatuko litzaiguke, baina bertsioak grabatzea edo gure kantuak grabatzea erabaki behar dugu!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak