Lehenengo mailako batxilergoko ikasketak egiten, ezta?
Bai, zientzien adarretik nabil ikasten.
Gero zer ikasteko asmoarekin?
Zientzien adarreko zerbait: medikuntza, biokimika, kimika…
Hainbat afizio dituzu, gainera; horietako bat kirola. Urte asko igeriketan ala?
Bai, txikia nintzela hasi nintzen ikastaroetan, eta, gaztetzen nindoan heinean, serioago hartzen joan naiz.
Eta orain igeriketa eskolak ematen dizkiezu umeei. Zelan moldatzen zara?
Igeriketa taldean dagoen lagun batek ematen ditu eskolok eta hark ezin duenean joaten naiz ni. Hasieran, konfiantza hartu arte, kostatu egin zitzaidan, baina orain oso gustura nabil. Batzuetan zorrotz jarri behar izaten dut, gustuko ez izan arren.
Igeriketaren ostean triatloirako saltoa etorri da.
Bai, aitak animatuta. Beti ikusi izan dut aita halakoetan, eta kanpotik kirol polita dirudi, baina barruan sartuta oraindik politagoa da.
Noiz eman zenuen salto hori?
2013an federatu nintzen eta lehenengo triatloia maiatzean egin nuen.
Ordutik hona zenbat egin dituzu?
Zumaiako txapelketa (Gipuzkoako txapelketa), Hondarribikoa eta Donostian beste bat irailean, baina azken horrek ez du balio Euskadiko zirkuiturako.
Eta zelako esperientzia izan da?
Uf... Hasieran gogorra. Gogoan dut lehenengoan, Zumaiakoan, 100 metro igerian egin eta erretiratu egin gura nuela. Hainbeste jende, ura oso hotza... bakarrik sentitu nintzen eta urduri jarri. Baina geratu, lasaitu eta jarraitu egin nuen. Hori gertatzeko egindako esfortzuaren ondoren ez nuen inolaz utzi gura.
Eta jarraitzeko asmoarekin?
Bai, noski. Irailean bukatu genuen denboraldia, eta kostatu egin zait berriro martxa hartzea, baina hartu diot eta orain gustura nabil, animatuta jarraitzeko.
Zure adineko neska asko ez dira, bada, ibiliko halakoetan?
Uste dena baino gehiago, zazpi edo zortzi badaude federatuta eta federatu barik ere egongo dira.
Musika ere baduzu zaletasun: biolontxeloa jotzen duzu; noiztik?
7 urte nituenetik. Eta irailean hasita Bergarako orkestran nago.
Eta zer moduz?
Oso gustura; orain, behintzat, helburu batekin ikasten dut. Bestela, ikasi eta ikasi egiten dugu, baina zertarako jakin barik.
Kontzertuak ere eman dituzu?
Bai, Santa Zezilia egunekoa eta Gabonetakoa. Orain, Aratusteetakoa etorriko da, eta gero, ekainean, ikasturte bukaerakoa.
Eta zelan sentitu zara?
Oso gustura. Denok batera jotzen dugunean ateratzen den soinuak inpresionatu egiten du, eta ni horren parte naizela sentitzea...
Hainbeste zaletasunekin lagunekin planak egiteko astirik geratzen zaizu?
Bai. Ondo antolatzea da kontua. Gauza bakoitzari bere denbora emanez gero, gerorako ezer utzi barik, guztiarendako dago astia. Eta noizbait sentituz gero derrigortuta nabilela eta sakrifizio handia dela, utzi egingo nuke. Gustura jardutea da kontua.
Ameriketako Estatu Batuetan izan zara bi udatan. Zelako esperientzia izan da?
Oso ona. Bi familia guztiz ezberdinak tokatu zitzaizkidan; lehenengoan, Pensilvanian egon nintzen, menonita komunitateko familia batean, oso erlijiozaleak, zortzi seme-alabarekin... Izugarri ondo pasatu nuen. Eta bigarrenean, Washington estatuan egon nintzen, Seattletik oso gertu.
Eta Aste Santuan berriro ei zoaz hara.
Bai, menoniten familiako seme zaharrena ezkondu egingo da eta gonbidatu egin naute. Oso pozik nago, guztiak berriz ikusteko izugarrizko gogoz.