Zein da Drop!-en historia?
Duela zazpi bat urte hasi ginen elkarrekin jotzen. Alex bateria-jolea eta biok hasi ginen; orduan, baxua jotzen nuen. Hasieran, beste bi ikaskiderekin hasi ginen jotzen, baina ez zuten interes handirik. Garai hartan bizikletan ibiltzen nintzen eta Elgezua ezagutzen nuen; hark gitarra jotzen zuen eta Ampolla en la Polla taldeko baxu-jolea zen Kepa. Biak taldera batu ziren eta orduantxe hasi zen Drop! forma hartzen. Talde gehienak bezala, bertsioak jotzen hasi ginen, SA eta horrelakoak jotzen genituen.
Hala ere, taldea orain dela hiru bat urte osatu zen oso-osorik, Paul abeslaria sartu zenean; izan ere, ordura arte, inork ez zuen rol hori hartu. Paul sartu eta bi hilabetera eman genuen lehenengo kontzertua.
Gazteak bai, baina baduzue ibilbidea.
Dagoeneko egin ditugu urtetxo batzuk elkarrekin, bai. Hasieran, Eskoriatzan entseatzen genuen; gero, Arrasaten, Ekonen lokal berean; eta orain, Aretxabaletako gaztetxean. Arrasatekoa oso ondo zegoen, baina garestia zen; Aretxabaletan oso gustura gaude.
Diskoak zortzi kantu ditu; urte hauetako guztietako lana da?
Bai, urte hauetan zehar egindakoak dira, eta nabaritzen da; hasierakoek eta azkenek dezenteko aldea dute. Konposatu ditugun azkenak Standing still, Stand up and fight eta A light in the dark dira. Paul sartu aurretik beste bi geneuzkan, eta zortzi genituela ikusita estudiora jotzea erabaki genuen.
Zeintzuk dira zuen eraginak?
Asko aldatu dira urteetan zehar. Ni musika entzuten hasi nintzenean punk-oi! musikarekin hasi nintzen, eta oraindik ere jarraitzen dut. Hala ere, rap, reggae... musikaren jarraitzaileak gara. Baina argi dago Drop!-en influentzia nagusia hardcorea dela. Hardcore munduan, hala ere, hainbat adar daude, melodikoagoa, teknikoagoa, punkagoa, basatiagoa... gutako bakoitzak adar baterantz jotzen du, eta hori kantuetan nabari daitekeela uste dut. Momentuan jotzen ditugun bertsioak, adibidez, Terror, Madball eta Pay No Respect taldeenak dira. Pixkanaka, gure bidea egiten ari gara; gure asmoa gutxi barru beste lau bat abesti grabatzea da.
Beraz, estudioko lehenengo esperientzia ona izan da.
Oso gustura egon gara, Nekrosounds estudioan grabatu genuen Karlotekin, eta benetan eroso sentitu ginen. Emaitza entzuterakoan, gure aldetik lan handiagoa egin genezakeela uste dut; gauzak oso azkar egin genituen, baina hurrengoan hobeto egingo ditugu!
Diskoa Aste Santutan grabatu genuen, baina bidean luzatu egin gara. Grabazioa azkarra izan zen; hala ere, diseinuarekin denbora luzea eman dugu. Ilustrazioa Nothing Without-eko Hibaik egin zuen, eta, aspaldi eman zigun arren, gu oso motel ibili gara!
Paulen ahotsak indar handia ematen die kantuei.
Bai, diskoaren puntu nabarmenetakoa dela uste dut. Hardcorearen ezaugarri berezi bat da ahotsa, eta Paulek lan oso ona egin du.
Diskoan, Nothing Without eta Raijin Tatto laguntzaile bezala azaltzen dira; zer dela eta?
Urte hauetan hainbat momentutan ondoan izan ditugu eta diskoaren esker-ematean jarri beharrean, kontra-azalean jartzea erabaki genuen; laguntza eskertzeko era bat izan da.
Non eros daiteke diskoa?
Oraingoz, Arrasaten, Eskoriatzan eta Aretxabaletan jarri ditugu salgai, 500 disko kaleratu ditugu eta banaketa gure kontu egitea pentsatu dugu. Hala ere, norbaitek diskoa nahi izanez gero, gurekin harremanetan jartzea dauka. Ez gaituzte aldatuko; diskoa hiru eurotan jarri dugu salgai, gure helburua musika zabaltzea da. Eta egia esan, oso harrera ona izan du diskoak; benetan pozgarria da jendea niregana etortzea diskoagatik zoriontzera.