Bolinagaren esanetan azken urteko austeritate planak esperotako emaitza eman du eta "aurrekontu sendoa eta egonkorra" da onartutakoa. Hala ere, argi du burua atera dela zulotik, baina oraindik gorputza ez, kiroldegiari lotuta dagoelako hori. Horregatik kiroldegiaren galera ekonomikoei eta gastuei aurre egiteko 200.000 euroko partida gorde dute.
Partida gehienek jaitsiera izan dute, tartean euskara, hezkuntza eta kirol arloek. Igoera izan duen partidetako bat da hondakinen kudeaketa sistemari dagokiona, %12,75. Alkatearen esanetan "gerora begirako inbertsioa" da, baina EAJko Mikel Uribetxebarria ez da bat etorri horrekin: "Zaborraren gastua urtetik urtera gora doa, eta hori ez dator bat atez atekoaren gainean saldu digutenarekin".
Hona partidarik garrantzitsuenak:
- Zor publikoa: 1.071.630 euro (-%22,87)
- Administrazio orokorra: 1.230.295 euro (+%13,23)
- Gobernu organoak: 298.089 euro (-%10,19)
- Segurtasuna eta trafikoa: 270.872 euro (+%1,09)
- Familia eta elkarbizitza programa: 432.871 euro (-%2,98)
- Informazio, balorazio eta orientazio programak: 215.660 euro (-%8,35)
- Enplegu sustapena: 110.412 (-%0,61)
- Hezkuntza: 255.947 euro (-%4,63)
- Herriko argi sarea: 160.000 (-%8,57)
- Parkeak eta lorategiak: 169.172 euro (+%16,99)
- Hondakinen kudeaketa: 650.172 (+%12,75)
- Ingurumena: 108.806 (-%11,43)
- Kultura: 224.559 euro (-%5,57)
- Liburutegia: 120.985 (+%16,74)
- Kirolak eta aisialdia: 110.430 (-%7,05)
- Kirol etxea: 209.025 (+%132,25)
- Jaiak: 168.735 euro (-%1,63)
- Euskara: 145.355 (-%8,23)
- Gazteria: 161.397 euro (+%4,47)
Hiru urbanizatze lan
Inbertsioei dagokienez hiru urbanizatze lan aurreikusi dituzte: Txarapea ibilbidea (407.921 euro, etxeak egiteko Udalak jarritako abala berreskuratuta); Murubide plaza, pilotalekua eta guzti (195.000 euro) eta Gernika plaza (36.172 euro).
Aralarko eta EAJko kideak ez dira bat etorri inbertsioak egiteko aukeratutako proiektuekin, "beste lehentasun batzuk" dituela herriak esanaz, eta Larrinbeko errekan lanak egitea proposatu dute EAJkoek. Alkateak erantzun die proposatutako guztiak direla garrantzitsuak, baina lehentasunak ezarri behar direla.
Bi lanpostu berri
Bi lanpostu sortzeko asmoa ere agertu du alkateak: berdintasun teknikaria eta parte-hartze teknikaria. "Bata zein bestea ezinbestekoak. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta justizia bultzatu ahal izateko bata; eta parte-hartze prozesu guztiak dinamizatzeko bestea, Udal teknikariekin, batzordekideekin eta elkarteetako kideekin", argitu du.
Oposizioa aurka
Aralarko zinegotziak ez ziren bat etorri aurkeztutako aurrekontuarekin. Agintaldiko planifikazio falta egotzi zioten Bilduri eta proposatutako inbertsioekin ez ziren bat etorri: "Bi partiden igoera eskaera egin genuen, guztira 20.000 euro gehituz, baina partida guztiak kontuan hartuta 115.000 euro jaitsiera proposatu genuen, eta ez gaituzte kontuan hartu".
EAJko zinegotziek ere aurka bozkatu zuten: "Akordiorik lortzeko borondaterik ez dutelako erakutsi Bildukoek". Eta inbertsioekin ez direlako ados agertu eta argitu dute: "Gastu orokorretan ez da nahikoa esfortzu egin. Herritarrei tasak igo eta kultur eta kirol taldeei diru laguntzak gutxitzen zaizkien momentutik, esfortzu handiagoa eskatzen dugu. Guztira 100 mila euroko jaitsiera identifikatu dugu, gizarte zerbitzu eta ongizatean beharrezko partidak mantenduta".