Lehengo eta oraingo kintoak
Aretxabaletan usadioa da urteko kintoak Santa Ageda kantuan irtetea. Ohituraren jatorria ezagutzeko 1896ra bidaiatu beharra dagoela eman du aditzera Barandiaranek. "Urte hartan ezarritako Kinten Legeari jarraituz, bost gaztetatik bat (bosten bat) izendatzen zen soldadutzara joateko. Hortaz, horietariko bakoitza bostena edo kintoa zen. Kintoak hasi aurretik, baina, santa-eskean herritarrak aterako ziren. Nik umetatik bizi izan dudan ohitura da, eta kintoa ere izan nintzen, 1964an".
Kaleko kintoak baserri-auzoetara joaten ziren bezperan etxez etxe abestera eta Santa Ageda egunean, ostera, kaletarrek kalean abesten zuten, eta baserritarrek baserrietan egiten zituzten kantu-saioak. "Eta baserri-auzoetako kintoak gutxi izaten zirenez, jende gehiago joaten zen haiekin aritzeko. Gerora, hori aldatu egin zen eta denak batera ateratzen hasi ziren".
Aretxabaletarrak, gainera, gogoan du nola lehen etxe guzti-guztietara joaten ziren abestera. Gogotsu kantatzen zutela dio: "Ahalik eta limosna gehien jasotzeko helburua geneukan". Izan ere, batutako horrekin jatorduak eta parrandak egiten zituzten mutilek. "Gaur egun kintoak direnek, antzinako garaietakoek baino ahalmen ekonomiko handiagoa dute. Horregatik, iruditzen zait ez dutela orduan besteko inkernurik ipintzen, ez kanturako, ezta dantzarako ere".
Kintoekin jarraituz, lehen soldadutza aitzakia izanik, gizonezkoak soilik irteten ziren Santa Ageda bezperan abestera; gaur egun, ostera, gizonezkoak eta emakumezkoak dira taldea osatzen dutenak.
Abestietan ezberdintasuna
Baina Santa Ageda bezperan irteteko ohitura ez da soilik kintoei mugatzen. Besteak beste, Aretxabaleta Abesbatzako kideak urtero irteten dira koplak abestera 2002a ezkero. Hala oroitzen du abesbatzako zuzendariak: "Sasoi hartako kintoek ikastolan ikasitako bertsoak eta doinuak kantatzen zituzten, eta haiek Gipuzkoa aldekoak ziren, Aretxabaletan aurretik erabiltzen zirenen ordez. Horren aurrean, bertakoak berreskuratzea garrantzitsua izango zela pentsatu genuen, eta halaxe hasi ginen, kalerik kale, eskean egin gabe".
Abesbatza, musika eskola...
Iaz bezala, abesbatzako 40 lagun inguru irtengo dira abestera otsailaren 4an, martitzena, eta haiekin batera Leizarra Musika Eskolako 40 neska-mutil inguruk hartuko dute parte. "Baina herritar guztiei egiten diegu gonbita, gura badute gurekin batera kanta dezaten".
Hori horrela, 18:30ean elkartuko dira Herriko Plazan. Aretxabaleta Abesbatzako lehendakari Nuria Fernandez de Arroiabek aditzera eman duenez, ohi bezala ibilbide jakin bat jarraituko dute. "Herriko Plazatik zaharren egoitzara, handik Gernika plazara, Iralabarrira, Mitarte kalera, Durana kalera eta, bukatzeko, Herrik Plazan abesten dugu".
Bertaratzen direnek aukera izango dute abesbatzako eta musika eskolako kideekin batera kantatzeko. Bertso-paperak plazan banatu arren, beste guneetan ere eskatu ahal izango direla eman dute aditzera. Guztira, hamabi kopla kantatuko dituzte, lau doinu ezberdin baliatuta. "Baina geldiune horietan guztietan denak kantatzea ezinezkoa litzatekeenez, zazpina kopla abestuko ditugu, txandaka. Animatu eta etorri arratsalde eder bat gurekin igarotzera!".
----------
1995ean jaiotako kintoen txanda
Aurten, 1995ean jaiotako kintoen txanda izango da eta hasiak dituzte dagoeneko entseguak; 30 lagun elkartzen dira egubakoitz iluntzeetan Iturrigorrin. Aurreneko irteera otsailaren 4an izango dute, baserriz baserri joango baitira kantuan neska-mutilak, eta hurrengo egunean, ostera, kalean gora eta behera ibiliko dira. Behin Santa Ageda eguna pasatuta eta Aratusteak bitartean, domekero elkartuko dira Herriko Plazan, dantza egiteko (19:00). Bost domeka dituzte aurten, gainera, aurretik. Eta Aratuste-domeka iristen denean txino-dantzarekin irtengo dira herritarren aurrera, ohiturari jarraituz. Hori guztiori ari dira ikasten herriko neska-mutilak: Santa Agedaren omenezko koplak, batetik; eta jendaurrean egin beharreko dantzak, bestetik.